- Hernani Burujabe herri-proiektuaren baitan, sektore desberdinetan burujabetza sustatzeko eragileekin lankidetza hitzarmenak sinatzen ari da Udala. Azkeneko aste honetan, elikadura burujabetzarekin lotutako hitzarmena sinatu du.

Honela, Henase elkarteak 50.000 euroko laguntza jasoko du Hernaniko nekazaritza eta abeltzaintza jarduera ekonomikoaren, enpleguaren eta paisaiaren sustapenerako.

Henase elkartea iazko ekainean sortu zen herriko nekazari eta abeltzain profesionalak biltzeko asmoz. Elkartea irabazi asmorik gabea da eta sektorearen beharrak defendatzeaz gain, tokiko ekoizpena erakargarri eta eskuragarri ere egitea da bere lehentasuna.

Dirulaguntza horrekin Henasek bere helburuak lortzeko behar dituen baliabideak eta espazioak eskuratzeko aukera izango du. Halaber, pertsona berriak, bereziki gazteak eta emakumeak, sektorera erakartzea helburu dituzten ekimenak ere dirulaguntza honen objektua dira. Gainera, nekazarien eta abeltzainen interesak defendatu eta banakako aholkularitza eta doako formakuntza eskainiko dituzte.