Km 0 ekimena duela urtebete martxan jarri zen Urnietako Adarrazpi, Errekalde, Gurutzeta eta Goiburu baserrietan. Proiektu honi esker, eurek ekoiztutako garaiko eta kalitatezko produktuak herritarren eskura jartzen dituzte astero. Gainera, aurten Ibai Iriondo herritarra gehitu zaie. Informatikaria formakuntzaz, nekazaritzara pasatzeko ideia zuen aspalditik eta iaz Lezon, Agroalde proiektuaren barruan, hasi zen bere barazkiak ekoizten.

Proiektuak hasieratik oso harrera ona izan zuen. Adarrazpiko Inma Iriondok hasieran sorpresa hartu zutela gogoratu du: "Jendeak bikain erantzun zuen. Egia da baita, pandemiaren momentuko egoerak baldintzatu zuela, jendeak herrian kon-tsumitu behar baitzuen". Alabaina, udara aldera beherakada somatu zuten. Horregatik, ekimen hau indarberritu nahi dute.

Beraz, Km 0 proiektuak geroz eta indar handiagoa hartzeko, hobekun-tzak eta aldaketak egiteko prest daude. Udaleko Merkataritza sailak bideratuta, inkesta bat betetzeko eskatuko zaie laster bezeroei, izan ere, haien iritziak eta balorazioak ezagutu nahi dituzte. Ezarritako sistema erosoa eta aproposa dela iruditzen zaie. Dena den, inkesten emaitzen arabera, banaketa ordua zabaltzeko edo aldatzeko prest egongo lirateke. Gainera, kontzientziazio lan bat egin beharra dagoela iritzi dute, bertako eta kalitatezko produktua balorean jartzeko eta ohitura osasungarriak sustatzeko.

Dena den, bezeroei dagokienean, Gurutzetako Maite Otañok dio astero-astero joaten diren bezero finko batzuk badituztela: "Horiek kalitatezko produktuaren bila etortzen dira eta asko baloratzen dute egiten dugun lana. Pertsona horiek gainera, normalean, gutariko denei erosten diete zerbait, bakoitzak duen eskaintzaren arabera".

WhatsApp taldea

Banaketa plazan

Baserritarrek WhatsApp talde bat dute sortua 674 175 430 telefonoan eta interesa duten herritarrak bertan sartuta daude (interesa duen edonor batu daiteke taldera edozein momentutan). Aste bakoitzeko asteburutean eskaintzen dituzten produktuen zerrenda ipintzen du produktore bakoitzak prezioekin, eta, ondoren, erosi nahi dutenaren eskaera egiten dute urnietarrek. Asteazkenetan amaitzen da eskaera egiteko epea eta produktuen banaketa eta ordainketa ostegunetan gauzatzen da 17.30etik 18.00etara bitartean San Joan plazan. Gaur egun 200 herritar daude WhatsApp taldean sartuta.

Produktuen eskaintza zabala da: garaiko barazkiak (tomatea eta letxuga dira gehien eskatzen direnak), ardietatik eratorritako produktuak eta arkumea, ahateekin egindako produktuak (albondigak, foie...) eta sagar purea.