Astigarragako merkatarien elkarteak, Astikok, irudi eta webgune berria du.

2008. urteko maiatzean sortu zen Astiko elkartea. Elkarteko ordezkari den Joseba Garmendiak aditzera eman zuenez, "ordutik, asko aldatu da Astigarraga: herria handitu da eta herri-merkataritzaren sektorean ere eragina izan du. Besteak beste, merkatari, ostalari eta zerbitzu-emaile berriak ere etorri dira, eta ondorioz, Astiko elkarteak beste dimentsio bat hartu du, bazkide berriak erakarriz".

Testuinguru berri honetan, Astiko elkarteak irudia berritzeko beharra antzeman zuen eta bide batez, webgune berria ere sortu du: www.astiko.eus. Lan hori guztia Astigarragako Udalarekin egin da, elkarlanean.

Herriko Biokcom enpresako Amalia Caravallo arduratu da logotipo berria sortzeaz. Gogora ekarri zuenez, Astikoren irudi berria ez da hutsetik abiatu, aurrekoa oinarri hartuta modernizatu da: "Astikoren ibilbideari keinu bat egin nahi izan diogu. Hain zuzen, elkarteko hiru adarrek (merkataritzak, ostalaritzak eta zerbitzuek) hiru koloreen bitartez dute presentzia. Irudia modernizatzeko, koloreek aldaketa txiki bat izan dute, saturatuagoak dira, eta logoaren forma ere sinplifikatu da".

Esan bezala, irudi korporatiboa berritzearekin batera, Astiko elkartearen lehen webgunea sortu da. Elkartearen jardueraren berri emateaz gain, Astikoko establezimenduen erakusleiho izango da, astigartarren eskura: kide bakoitzak orrialde propioa du eta oinarrizko informazioa eskainiko du.

Gainera, aurrerantzean Astiko elkartearen webgunetik erosi ahal izango dira deskontu-bonuak. Hain justu, hurrengo astean jarriko da martxan bonuen hirugarren edizioa: abenduaren 1etik 15era erosi ahal izango dira.

Xabier Urdangarin alkateak Astikoren ibilbidea zoriondu zuen: "Lehen 18 establezimenduk osatzen zuten eta gaur egun 40 inguru zaudete. Pandemiak zerbait ona erakutsi badu denak elkarrekin indar-tsuagoak garela da".