surbilgo Udalak udako oporretan herriko kirol ekipamendu eta lekuak hobetuko ditu, eguneratuz. Uztailean eta abuztuan erabiltzaile gutxiago daude, eta horrek bailatuko du Udalak.

Udalak udan burutuko dituen lan garrantzitsuenen artean, kiroldegiko harmailena kokatzen da. Kiroldegiko eskubaloi pistako harmailak berritzeko lizitaziora aurkezteko epea amaitu berri da.

Orain arte egon diren harmailak kiroldegia egin zen garaikoak ziren. 2020ko udal-aurrekontuetan 90.000 euroko partida bat gorde zen horretarako, baina covid-19a tarteko, bertan behera utzi zen, diru hori osasun krisiari eta horren ondorioei aurre egiteko erabiltzea lehenetsita.

Harmaila zaharra kendu dute dagoeneko, eta konponketa txiki ba-tzuk egiteko aprobetxatu dute, berria jarri bitartean. Harmaila berriaren proiektuak aurrekontu txikiagoa du, 72.600 eurokoa, harmaila zaharra kentzeko lana brigadak egin baitu. Jasotako eskaintzak baloratu eta lanak esleitzea izango da hurrengo pausoa.

Ikasturte berrirako obra gehiago egitea aurreikusten da kiroldegian. Zehazki, sauna berria jarriko dute, zaharra kendu eta lekuz aldatuta. Ikasturte berriarekin, bilera bat egin asmo dute erabiltzaileekin, funtzionamenduaz hitz egiteko. Hori alda-tzean, dantza taldearentzako lokal berria egokituko du brigadak kiroldegian.

Bestalde, Agerialdeko frontoian drainatze lanak egingo ditu Udalak, bihartik aurrera. Hain zuzen ere, frontoi hori estaltzeko lanak abiatuak ditu Udarregi ikastolak, eta horrekin batera egingo ditu Udalak drainatze lanak ere. Udalak Sasoi Eraikuntzak SL enpresari esleitu dizkio lanak 48.363,28 euroan. Bihar bertan hasiko dira makinak sartzen, eta lanak lau astetan bukatzea aurreikusi dute.

Drainatze lanei dagokienez, bi fasetan egingo dituzte. Lehenengo, lur eremu horretako euri urak jasotzeko drainatze hodi bat jarriko dute, eta, ondoren, ezker pareta guztia saneatuko dute.

Baina Usurbil ez da bakarrik bere kirol instalazioetan hobekuntzak egingo dituen udalerria. Izan ere, Astigarragan ere bihar hasiko da beste obra bat: Txomiñene pilotalekua berritzeko lanak.

Pilotalekuaren egurrezko egitura, teilatua eta euri urak jasotzeko ubideak egoera txarrean daude. Bestetik, pilotalekuaren ezker paretaren atzealdeko euste-hormak urte ba-tzuk baditu eta mantentze lanak egitea beharrezko ikusi da.

Hori dela eta, ondoko lanak egingo dira: batetik, ezker paretaren atzealdeko euste-hormako buloiak garbitu eta indartu (lan hau eginda dago); bestetik, egurrezko egitura, teilatua eta urak jasotzeko erretenak eta ubideak berritu, eta amaitzeko, margoketa lanak. Lan horien guztien kostua guztira 156.300 eurokoa izango da.

Lanak abuztua bukaera arte luzatuko dira eta epealdi horretan pilotalekuaren inguruan itxitura jarriko da.

Astigarragak Txomiñene pilotalekuko teilatua berrituko du eta margoketa lanak egingo ditu bihartik aurrera