Santuenea auzoaren berroneratze integrala, eraikuntzen eta urbanizazioaren birgaitze jasangarria eta komunitatearen behar sozialak uztartzeko plan integral bat egingo du Usurbilgo Udalak auzotarrekin batera.

Horretarako, Hiritik At kooperatibaren laguntzarekin, ekainaren 16tik urte amaiera bitartean Santuenea elkarlanean parte-hartze prozesua burutuko dute.

Atzo auzoan bertan egindako agerraldian, Iker Eizagirrek, Hiritik At-eko kideak, azaldu zuenez, lautan banatu dute parte-hartze prozesua. Aurre-fasea ekainean garatuko da eta Usurbilgo testuingurua ezagu-tzeko bi saio antolatu dituzte: ekainaren 16an, HAPOa (Hiri Antolamenduaren Plan Orokorra) eta auzo planaren aurkezpena egingo zaie auzokideei eta ekainaren 30ean Santueneako irisgarritasun proiektuaren aurkezpen irekia burutuko da.

Iraila eta urrian diagnostiko parte-hartzailea osatuko dute. Entzute fasea izango da, auzoan den jakin-tza metatua jasotzeko. Online galdetegi bat egingo dute, baita talde elkarrizketak ere.

Planaren garapena urria eta abenduan landuko da. Auzoaren lehentasunak definituko dituzte, behar nagusiak. Horiei erantzuteko konponbideak topatuko dituzte, eta planari begirako zehaztapen teknikoak landuko dira. Besteak beste, espazio publikoa, mugikortasuna, auzo ekonomia, zerbitzuak, zaintza, energia edota gobernantza bezalako eremuak landuko direla aurreikusi dute.

Azkenik, urtarrilean auzo planaren dokumentua osatu eta auzotarrekin kontrastatuko dute.

Eizagirreren esanetan, koordinaziorako lantalde bat sortzen saiatuko dira, Hiritik Aten lanari jarraipena egingo diona eta Udalarekin harreman iraunkorra izango duena. Prozesuan zehar sortutako materiala Usurbilgo Udalaren webgunean txertatuko dute, prozesua hastearekin batera propio sortuko den orrialde batean.

Santueneari begirako plan integral bat auzotarrekin egitea Udalaren lehentasunen artean dago eta bizilaguek oso begi onez ikusi dute.