Hernanik osasun aktiboen mapa osatuko du

Prozesu parte-hartzailea antolatu du herritarrekin batera eta ekimena hilaren 13an aurkeztuko dute

06.04.2021 | 00:27
Hernaniko udal ordezkariak, herriko osasun zentrokoak eta Osasun Sailekoak, aurkezpenean.

Hernani – Hernaniko ongizate eta osasun komunitarioa hobetzeko xedearekin prozesu parte-hartzailea abian jarriko dute Hernaniko Udalak eta osasun zentroak elkarlanean apirila eta maiatzean. Prozesu horren helburua da, osasun eta ongizate komunitarioa indartzeko bidean, herriko osasun aktiboen mapa osatzea.

Jarduera fisikoaren inguruko eskaintza, bakardadeari aurre egiteko taldeak, aisialdi guneak... Osasun aktiboak zeintzuk diren eta nola erabil daitezkeen erabakiko da prozesuan herritarren ekarpenak jaso ondoren. Prozesu parte-hartzaile honek lau saio izango ditu, baina horren aurretik, apirilaren 13an, 17.00etan Biteri kultur etxean, proiektuaren aurkezpen irekia egongo da, ekintza osoaren eta lan-saioen edukia ondo ezagutzeko.

Lehenengo saioa apirilaren 20an burutuko da eta bertan hizkuntz komun bat, partaideek ulertu ahal izateko hitz teknikoak, adostuko dute. Hurrengo bi hitzorduetan, apirilaren 27an eta maiatzaren 4an, osasun aktiboen mapa osatuko dute. Azkeneko saioa, maiatzaren 11, lortutako mapa berrikusteko erabiliko dute.

Prozesuko lau jardunaldietan herritarrek izena eman beharko dute bertan parte hartzeko. Hiru modu daude: online, hernani.eus webgunearen bitartez; izen-emate orria beteta eta Biteri kultur etxean entregatuta; edo kiroldegiko telefonora deituta (943 552 185). Parte-hartzea mugatua izango denez, plazak zozkatu egingo dira izena eman dutenen artean, aniztasun irizpideak kontuan hartuta. Udalak haur eta gazteen partaidetza bermatu nahian, adin txikikoentzat plaza batzuk gordeko ditu.

Prozesua euskaraz bideratuko da, baina euskara ulertzen ez duten pertsonentzat aldibereko itzulpen zerbitzua jarriko da.

Ekimen honen aurkezpenean, Esti Aldeiturriaga zinegotziak azaldu zuenez, "komunitate osasuntsuagoa izateko moduak identifikatzeko prozesua herritarrekin batera egin nahi dugu. Herritarrok badakigu zein-tzuk diren gure beharrak eta lehentasunak, eta gai gara osasunerako mesedegarri zaiguna identifikatzeko eta gure komunitatearekin eta natura-ingurunearekin bat datorren bizitzeko modu bat eraikitzeko". Horrela izanik, "elkartu eta komunitate osasuntsuagoa egiteko modua identifikatu behar dugu", gaineratu zuen.

Bestalde, herriko osasun zentroko ordezkariek zera nabarmendu zuten: "Gure pazienteei parazetamola edo botika bat errezetatzea baino haien osasunerako onuragarriagoa izan daiteke herrian dituzten baliabideak erabiltzea". Horretarako, aurretik identifikatu behar dira eta baliabide horien mapa bat osatu.