Indarkeria matxistaren biktimak babesteko taldea Andoainen

Martxan jarri zen pandemia hasieran zenbait kasurekin eta orain Udalak baliabidea publiko egin nahi izan du

02.04.2021 | 00:03
Indarkeria matxistaren biktimak babesteko taldea Andoainen

Andoain – Andoaingo Udaleko Gizarte Zerbitzuen sailak beste urrats bat eman nahi izan du indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei babesa emateko. Bide honetan, biktima horiei laguntzeko talde bat sortu du herrian eta helburua da "errealitate sozial izugarri" horri aurre egiteko tresnak erraztea.

Maider Lainez Andoaingo alkate eta Gizarte Zerbitzuetako lehendakariak adierazi moduan, "indarkeria matxistako gertakariak egunero jasaten dituzten emakume askok adierazten dute argi eta garbi arazo sozial baten aurrean gaudela, eta arazo horren arrazoia eta jatorria gizarte egitura bera dela, funtziona-tzeko modua eta gizonei eta emakumeei leku bat esleitzeko modua. Emakumeen eta gizonen arteko botere harreman historikoki desorekatuen adierazpena da, eta emakumeen diskriminaziora bultzatu dute".

Aipatu behar da taldea pandemia bete-betean martxan jarri zela zenbait kasurekin. Orain, aldiz, Andoaingo Udalak publiko egin nahi izan du indarkeriaren arazoa pairatzen ari den edo izan duen edozein emakumek baliabide horren berri izan dezan.

Horretarako, liburuxkak utzi dituzte udal eraikin guztietan, herritarrek informazio guztia eskura izan dezaten. Talde honetan parte hartu ahal izateko, ez da beharrezkoa aurrez salaketarik egitea eta ez da Gizarte Zerbitzuen sailetik pasa behar. Nahikoa da 688 724 747 telefono zenbakira deitzea eta taldeko arduradunekin harremanetan jartzea. Indarkeria matxistarekin zerikusia duten gaietan eskarmentu handia duen Sorburu enpresa arduratuko da taldearen kudeaketaz.