Hondakinak gutxitzeko xedearekin, Usurbilgo Udalak ontzi arinak eta papera eta kartoia biltzeko poltsak berrerabilgarriak doan banatuko ditu. Izan ere, bi horiek ziren zintzilikailuetan uzteko edukiontzi propioa falta zutenak. Beraz, aurrerantzean hondakinak zabor poltsarik gabe atera ahal izatea posible izango da.

Usurbilgo zintzilikailuetarako propio sortutako poltsak dira, hondakinen atez ateko bilketa hobetzeko. Ibon Goikoetxeak, Ingurumen teknikariak, poltsa berrien ezaugarriak jakitera eman zituen atzo egindako agerraldian. Batetik, poltsen kirtenak desberdinak dira: bata luzea, eta bestea motza. Lehenengo, kirten motza sartu behar da zintzilikailuan, eta, ondoren, luzea: hala, poltsa zuzen eta ondo lotuta gelditzen da, bilketarako egoki eta bizilagunen espazioa errespetatuz. Bestetik, poltsek 34 litroko edukiera dute (ohiko zabor poltsak 30 litrokoak izaten dira). Azkenik, berrerabilgarriak dira; etxean garbi daitezke eskuz zein garbigailuan.

Joxe Mari Iribarrek, Ingurumen zinegotziak, azaldu zuenez, “uste dugu denbora luzean hainbat buruhauste eman dizkigun kontu bat gainditzeko balio ahal izango dutela poltsek: hondakin guztiak zintzilik jartzea nork bere zintzilikailuan, eta ez lurrean. Lurrean utzita, euria edo haizea egiten duen egunetan hondakinak sakabanatu egiten dira, eta bilketa eraginkorra izatea zailtzen du”. Gainera, azpimarratu zuenez, berrikuntza honek bat egiten du Usurbilgo Udalak urteetan landu duen Usurbil 0.0. hondakinen prebentziorako eta kudeaketarako programarekin.

Etxebizitza bakoitzari ontzi arinak eta papera zein kartoia biltzeko poltsa bana banatuko zaio. Horretarako, lehenengo, eskatu egin behar dira, datorren astelehenetik aurrera (otsailak 22) 900 776 776 telefonora deituta, Whatsapp mezu bat bidaliz 606 501 024 zenbakira, edo atezate@usurbil.eus helbidera ida-tzita. Martxoaren 1ean hasiko dira banaketa egiten. Covid-19a dela eta, banaketa berezia izango da. Nork bere zintzilikailuan aurkituko ditu poltsak, bere identifikazio txartel eta guzti, herritarrak udaletxera hurbildu ez daitezen. Astelehenetan egingo dute banaketa, aurreko aste osoan jasotako eskaerei erantzunez.

Azalpen guztiak bideo batean eman ditu Amaia Martiarena Lamuedrak, Atez Ateko hezitzaileak, sarean zabalduko direnak, euskaraz zein gaztelaniaz.