- Guk Zubietan Zer? parte-hartze prozesua abiatu zuten urte amaieran Usurbilgo eta Donostiako Udalek, Zubietako Herri Batzarrak eta Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) bertako bizilagunen parte-hartzearekin. Behin amaituta, EHUk prozesuan jasotako iritziak oinarri hartuta, nahiz eta behin betikoak izan, proposamen ireki bat aurkeztuko du. Hala adierazi dute Ainhoa Guerras Alfonso, Irati Otamendi Irizar eta Koldo Telleria Andueza EHUko ikerlariak Udalberrin, Usurbilgo udal aldizkarian.

“Hemendik aterako ditugun proposamenak oinarri batzuk izango dira, gerora, Usurbilgo zein Donostiako Udalek teknikoki definitu, garatu eta zehaztu beharko dituztenak”, azpimarratu du Telleriak.

Izan ere, aurten onartu nahi da Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) hasieraz: hurrengo hamar edo hamabost urterako Usurbil marraztuko du. Honenbestez, emai-tza HAPOan txertatu nahi da.

Herriko hainbat tokitan, tokian-tokiko herritarrekin halako parte-hartze prozesuak egin izan ditu Udalak. Horren adibide da, esaterako, aurreko legegintzaldian Aginagan egindakoa: “Interes orokorra oinarri, herritarren ikuspuntua eta bizipenak jasotzea behar-beharrezkoa da eguneroko bizitzari eta etorkizuneko erronkei erantzungo dien planeamendu bat egiteko”, nabarmendu zuen prozesu honen aurkezpenean Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak.

Aginagan egin bezala, Zubietaren kasuan ere, nortasun propioa duen aldetik, gogoeta gune bereiztu bat sortzea erabaki zuten, etorkizun hurbila zubietarrek eurek irudika dezaten. Gogorazi zutenez, hiru astetan hiru gai landu zituzten, modu teorikoan zein praktikoan: ingurumena, sozioekonomia eta hirigin-tza. Hala, gai bakoitzari bina saio eskaini zizkieten.

Usurbilgo Udalak 2014ko maiatzean hasi zuen HAPOa berrikusteko prozesua. Hainbat parte-hartze prozesu eta dokumentu landu dira ordutik. 2015 amaieran, Usurbilgo Udalbatzak HAPOa idazteko oinarrizko plangintzaren irizpideak eta helburua eta Aurrerakin dokumentua onartu zituen.

Hala, lau irizpide eta helburu orokor bezala finkatu ziren: herritarren parte-hartzearen beharra, hirigintza jasangarria eta ekologikoa barneratzea, genero ikuspegia aintzat hartzea eta hirigintzak euskararengan duen eragina neurtzea.