Lasarte-Oriak: Ttakunek kultur elkarteak 180.000 euro inguru jasoko ditu Udalaren partetik

Herriko entitateei ematen zaien diru-kopuru handiena jasoko du elkarteak

24.12.2020 | 01:04

Lasarte-Oria – Herriko elkarteekin egindako hitzarmen handiena sinatu dute aste honetan Lasarte-Oriako Udalak eta Ttakun kultur elkarteak datorren ikasturterako, 180.000 euro pasatxoko laguntza jasotzen duena. Diru-kopuru horrekin, ordea, herritar askoren hizkuntza ohiturak astintzen dituen zazpi programa handi antolatuko ditu Ttakun elkarteak.

Sinaketan Agustin Valdivia alkatea eta Jon Antxordoki Euskara Batzordeko lehendakaria egon ziren Udalaren Ordezkari gisa. Azkeneko honek azpimarratu zuenez, Udalak eta Ttakunek elkarrekin landu dituzte Lasarte-Oria euskalduntzen jarraitzeko lan-lerro nagusiak eta programa zehatzak. "Ez da soilik programa batzuk egiteagatik diru-laguntza emate soil bat. Filosofia horrekin ari dira elkarlanean herriko euskalgintzako erakunde guztiak eta urrats honek berretsi besterik ez du egiten harreman-modu hori", esan zuen.

Ttakun kultur elkartearen izenean, elkarteko lehendakaria den Mari Karmen Ormazabal Ansak sinatu zuen hitzarmena. Ormazabal andreak adierazi zuenez, Udalaren eta Ttakun kultur elkartearen arteko hitzarmena eredugarria da, bai kopuruarengatik, baina baita ere bi erakundeen artean herrian egiten ari den lanarengatik ere.

Diru-kopuruak hala eskatzen duelako, bi auditoria eginez likidatu beharko ditu diru-kontuak elkarteak datorren urtean, bata diruz lagundutako programei dagokiena eta elkartearen diru-kontu guztiena bestea.