- Usurbilgo Udalaren eta herriko hainbat kirol eta kultur eragileren lanari esker, Gabonetako oporraldirako aisialdi segurua izango da Usurbilen. Antzerki eta txotxongilo emanaldiak, bertsoak, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizuna, Neguko Txokoak, dantza emanaldiak eta Olen-tzeroren eta erregeen kabalgata antolatu dituzte, besteak beste. Eskaintza, batik bat, haur eta gazteei zuzendua bada ere, usurbildar guztientzako osatu da.

Egitarauaren aurkezpenean, Axier Otegi herritarrak Olentzeroren etorrerarako prestatutakoen berri eman zuen. Izan ere, herriko hainbat talderen arteko elkarlanaren fruitua izan da eta denen artean Olentzero ekartzeko ahalegina egin dute.

Beraz, Olentzero etorriko da, baina ez da aurreko urteetan bezala izango: auzoz auzo joango da, kamioi baten gainean, baina ez da inon geldituko, pasa baino ez da egingo. Aginagatik 18.00etan aterako da eta Txokoalde, Santuenea, Zubieta, Txikierdi eta Kalezartik pasa ondoren, Kaxkora 19.05ean iritsiko da. Haurrek, hala ere, euren gutunak Olentzerori helarazteko aukera izango dute, herrian jarritako hainbat postontziri esker.

Horrez gain, hilaren 24an bertan, Olentzerok Usurbilgo haurrentzako grabatutako mezu bat ikusgai jarriko dute, iluntzeko 20.00etan, Noauaren YouTubeko kanalean.

Gabonetako egitarau osoa Udalaren webgunean ikusteko aukera dago (usurbil.eus).