- COVID-19 dela eta euren negozioetan egin dituzten edo egin beharko dituzten inbertsioak diruz laguntzeko dirulaguntza kaleratu du Usurbilgo Udalak merkataritza eta ostalaritza sektorea indarberritzeko helburuarekin. Deialdia argitaratuta dago dagoeneko Usurbilgo Udalaren webgunean zein Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Azaroaren 20ra bitartean izango da eskaera aurkezteko aukera.

28.000 euro bideratuko ditu Udalak laguntza horietarako, eta gastuen %100 arte ordaintzeraino lagun diezaiekete, gehienez ere, 2.500 euroko mugarekin establezimendu bakoi-tzeko. Deialdi honetan aurreikusitako baliabideak agortuko ez balira, bigarren banaketa batean soberakinak banatuko lirateke, dauden eskaeren artean, eta gehienez ezarritako 2.500 euroko muga gainditu ahal izango da.

Eskaerak telematikoki egitea gomendatu du Udalak, zerbitzu digitalen bidez, edo udaletxean bertan, horretarako aurretiazko hitzordua hartuta, 943 371 951 telefonora deituta.

Bestalde, Usurbilgo Udala hainbat eragilerekin bildu zen joan den astean pandemiaren lehenengo olatuan izandako etenaldi orokorrik ez gertatzeko moduez hausnartzeko. Tabernariekin eta merkatariekin bildu zen, haien beharrak entzun eta laguntzeko prestasuna agertu zien, eta martxan jarri duen azkeneko dirulaguntza azaldu zien.

Gainera, herriko ekitaldiak bertan behera ez gelditzeko Udarregi ikastolan beste 30 bat eragilerekin bildu zen Udala eta kiroldegiko ikastaroak eta azaroko kultur agenda berrantolatuko dituela esan zuen.