- Astigarragako Udalak adineko pertsonen jarduerak hilabete honetan berriz martxan jartzea erabaki du. Lehengo astean Ttipi-Ttapa programa abian jarri zen, eta urriaren 20an, kiroldegiko Gimnasia 65+ abiatuko da. Izen-emateak ostirala arte gauzatu daitezke kiroldegian.

Bizi dugun osasun egoera kontuan izanda eta ahalik eta pertsona kopuru handienari parte hartzeko aukera emateko, zenbait egokitzapen egin dira Gimnasia 65+ ikastaroan.

Honela, bi saio izango dira astean, astearte eta ostegunetan 10.30etik 11.30era artean. Saio bakoitzean hamar parte-hartzaile egongo dira gehienez, eta begiralea. Gainera, saioak kanpoan egitea lehenetsiko da.

Gauzak horrela, erabiltzaile bakoi-tzak hasiera batean egun batean soilik eman ahal izango du izena. Ondoren, bigarren egunean lekua soberan egongo balitz, emango litzaieke erabiltzaile horiei aukera bigarren egunean parte hartzeko ere.

Jarduerak hamabost euroko hiruhileko tasa izango du. Bigarren egunerako izen-ematea egiten duenak bi aldiz ordaindu beharko du aipatutako tasa.

Hartu beharreko neurriei dagokionean, saioa hasi baino lehen eta amaitu eta gero derrigorrezkoa izango da musukoa jantzita edukitzea, baina saioan zehar segurtasun distantzia mantenduko denez, ez da beharrezkoa izango. Horretaz gain, kiroldegiak COVID-19a dela eta, ezarritako funtzionamendu baldintzak bete beharko dira.

Bestalde, Ttipi-Ttapa programari dagokionez, taldeak murriztu egin behar direnez, astean behin izatetik, astean bitan izatera pasa da: asteazken eta ostiraletan, 11.00etatik 12.00etara. Gehienez hamar pertsona eta begiralea egongo dira.

Lehen parte-hartzea irekia zen, baina orain parte-hartze kontrolatua izateko izena eman beharko da. Urriaren 5etik aurrera eman ahal da izena kiroldegiko 943 333 676 telefonoan. Ahalik eta jende gehiagori parte hartzeko aukera emateko, izen-ematea asteko egun batean egin daiteke soilik.

Saioa hasteko lekua ere aldatu da. Orain ordu horretan Foru Plaza eta pilotalekua Herri Eskolako haurrek erabiltzen dutenez, Joseba Barandiaran plazatik aterako da Ttipi-Ttapa taldea.

Programan parte hartzen duten adineko pertsonek begirale batekin herrian aurkitzen diren ibilbideetan egiten dute saioa.

Astero bi saio antolatu dira, astearte eta ostegunetan, baina erabiltzaileak hasiera batean egun batean soilik apuntatu daitezke