- EH Bilduko aldeko bozkekin, Usurbilgo azkeneko Osoko Bilkurak Lasarte-Oria eta Txikierdi arteko bizikleta eta oinezkoentzako bidea egiteko Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako proiektua argitzeko eskatu zuen. EAJk aurka bozkatu zuen eta PSEk abstentziora jo zuen.

Udalbatzan gogorazi zenez, bidegorriko proiektuaren bigarren fasea dela eta, errekerimendu bat egin zuen Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak uztailean, aholkulari juridikoekin kontsultatu ostean. Izan ere, uztailaren 28an, proiektu horren inguruko bi erabakiren berri eman zion Aldundiak Udalari: proiektuaren espedientea onartu zuela, baita proiektua finantzatu behar duten hiru aldeek (Lasarte-Oriak, Usurbilek eta Aldundiak) sinatu beharreko akordioa ere. Dokumentu horien idazketak sortutako zalantzak tarteko, errekerimendu bat egin zuen alkateak, eta Udalbatzak Osoko Bilkuran berretsi behar zuen. Hori izan da zehazki bozkatu zena.

"Ez gaude proiektuaren aurka, eta ez dugu atzeratu nahi: izatez, eskerrak badatorren. Baina eduki batzuk argitzea komenigarria dela irudi-tzen zaigu, eta, horregatik, erredakzioa aldatzeko eskatzeko aurkeztu genuen errekerimendua", azaldu zuen Solaberrietak.

Proiektu hori onartu zenean, 2019ko urtarrilean, Udalak alegazio bat aurkeztu zion: Gureak eta Elkar joatekoak diren eremuari eragiten dio proiektuak, eta udal arau aldaketa "bete-betean" zegoen, alkatearen esanetan. Alegazio hura ontzat eman zuen Aldundiak: bidegorri zatia Gureak-ek eta Elkarrek haien gain gelditzen diren karga urbanistikoen barne geldituko zelako.

Aurtengo uztailean, ordea, Aldundiak obra osoaren aurrekontua eta ustez Usurbilgo Udalak ordaindu beharko lukeen zatia zehaztu zuen, eta "harriduraz" hartu zuen Udalak: batetik, oraindik ez dagoelako behin betiko proiekturik Zapategi eremurako, eta, bestetik, bidegorri zati hori ordaintzea ez dagokiolako Udalari, proiektu horren karga urbanistikoari lotuta dagoen heinean. "Beharrezko ikusi genuen hitzarmenean kontu hauek argi adieraztea interpretazio okerrik ez zedin egon", nabarmendu zuen Solaberrietak.

EAJk, bere aldetik, tarte horren kostua Aldundiak bere gain hartzea egoki ikusten zuela baieztatu zuen baina behin-behineko egoera luze irautea ez zuen ondo ikusi.

PSE-EE ez zegoen ados errekerimenduarekin, Udalak eta Aldundiak laster gaiaren inguruko bilera izango dutela kontuan hartuta. Proiektua Usurbilentzat "oso garrantzitsua" dela azpimarratu zuen.