- Usurbilgo Udalak musukoak doan banatzea erabaki du maskara espazio ireki zein itxietan derrigorrezkoa den honetan. Etxez etxe banatuko dira, launa etxebizi-tza bakoitzeko. Dagoeneko banaketa prozesua hasi da herriko auzo eta etxe guztietan, Herritarren Babes Sarearen laguntzarekin.

Hondakinen prebentzio eta kudeaketarako Usurbil 0.0. programaren irudia dute maskarek. Izan ere, Udaletik azpimarratu dutenez, musukoen derrigorrezko erabilerak beste arazo bat sortu du: errefusaren ontzian bota behar dira, eta hondakin mota horren gehitzea ekar dezake. Horregatik, Udalak berrerabileraren printzipioari eutsi dio, eta bost aldiz erabiltzeko modukoak banatuko ditu: zorroan bertan ageri da nola garbitu behar diren azaltzen duen informazioa.

Udalak adierazi duenez, maskara mota ugari dago, gaur egun, eskuragarri. Maskara kirurgikoak erabilera bakarrekoak dira. Maskara higienikoek kirurgikoen itxura dute, baina UNE65 araua bete behar dute izen hori hartu ahal izateko. EPIek, berriz, R hizkia izan behar dute berrerabilgarriak izateko. Udal-gobernuaren ustez, maskaren erabilera orokorturako baliabideak jarri beharko lituzke administrazio publikoak, musukoak erosteak familien gastuak handitzea baitakar: "Baina, halakorik ez datorrenez Udalez gaindiko erakundeen aldetik, pauso bat ematea erabaki dugu". "Horregatik, nahiz eta Udal honen baliabide ekonomikoak mugatuak izan, 12.000 maskara erosi ditugu", esan dute.