Konfinamendu garaian umeak egiten ari diren ahalegina publikoki eskertu eta aitortzeko, larunbatean Usurbilgo Udalak, Zirimarak eta Noauak, elkarlanean, Haurren Eguna antolatu dute. Halaber, Usurbilgo Artixtak eta beste zenbait herritar ere parte hartzen ari dira antolaketa lanetan.

Antolatzaileek azpimarratu dutenez, hilabete inguru da konfinamendua hasi zenetik, eta umeak izan dira, nagusiki, etxetik atera ezinda daudenak. Horregatik, haurrak protagonista izango diren egun bat antolatu dute, nork bere etxean eta herritar guztiekin ospatzeko, aldi berean. Egunaren berri emateko, Porrotx pailazoak bere etxean grabatutako bideo bat bidali du.

Egun osoko egitaraua izango da. 10.30ean akrosporteko irudien proiekzioa eta murala osatuko da Ibai Arrietaren eskutik. Akrosporta bi pertsonek edo gehiagok postura desberdinak egitea da. Hobeto ulertzeko Zirimarak bideo bat egin du. Proiekzio eta murala egin ahal izateko herriko haurrei eskatu diete postura akrobatikoak entseatzeko eta argazkiak ateratzeko. Irudiak bidaltzeko azken eguna gaur da eta ondorengo moduak daude helarazteko: zirimarausurbil@gmail.com helbidera edo 688 807 336 telefonora bidalita. Erronka bota dute: ea 300 argazki biltzen dituzten gaua baino lehen.

Ondoren, leihoak apaintzeko eskulan tailerra eskainiko du Susana Martinek. Eskulanak egin ahal izateko, larunbata baino lehen latak, jogurt poteak, esnearen tetrabrikak, plastikozko botilak eta abar pilatzeko eskatu dute.

Jarraian, 12.30ean, musika festa egongo da herriko balkoi eta leihoetan. Ekitaldi honetarako haurrak mozorrotu daitezen eskatu dute.

Larunbatean, gurasoek haurrek aukeratzen duten menua prestatu beharko dute bazkarirako eta postre goxo-goxo bat ezin du faltatu. Antolatzaileek bazkariko menua haurrekin aldez aurretik lantzea ere komenigarria dela nabarmendu dute.

Arratsaldean, 16.00etatik 19.00etara, kamioi ibiltari bat pasako da herriko kale guztietatik balkoietan eta leihoetan dauden herritarrak eta batez ere haurrak grabatzen, lipdub erraldoi bat osatu ahal izateko. Horregatik herritar guztiei leihoak eta balkoiak apaintzeko eta festara batzeko deialdia zabaldu diete antolatzaileek.

Jarraian, Yolanda Arrieta Malaxetxebarria ipuin kontalariak istorio bat kontatuko du eta eguna, kirola egiten amaituko da, zunba saioa izango baita Betisarekin.

Ekitaldi guztiak NoauaTb bidez zabalduko dituzte, Noauaren YouTubeko kanalean.