- Espainiako Osasun Ministerioak agindutako prozedura jarraituko du Hernanik. Udalak azpimarratu duenez, kale garbiketa eta desinfekzioa modu egokian egiteak garrantzi handia dauka

Udala garbiketa hori egiten duten langileek segurtasunez egin ahal izateko materiala lortzen aritu da egunotan, nahiz eta babesteko material hori lortzea oso zaila izaten ari den, dagoen eskaera handia dela eta. "Nolanahi ere, Udalak eta Garbitania sozietate publikoak eskuratu dituzte udal langileentzako PBEak (Pertsona Babesteko Ekipoak), pulberizadoreak, babesteko pantailak, desinfektantea...", adierazi dute.

Zerbitzu Publikoetako langileak hasi dira, aste honetan, lan hori egiten. Desinfektatzen ari diren eremuak honako hauek dira: autobusetako markesinak; elikagai denden sarrerak, supermerkatuak, Eroski, LIDL, DIA eta irekita dauden beste dendak, prentsa saltzen duten kioskoak, farmaziak, okindegiak; osasun zentroaren sarrerak (aurrekoa eta atzekoa); igogailuen sarrerak; barandak; udaletxeko arkupeak (baserriko postua han saltzen baitu egunero); hondakinen posteak eta Renfeko apeaderoa eta geltokia. Garbiketa herrigunean eta auzoetan ere egiten ari da.

Garbiketa mota hori lanegunetan egingo dute udal langileek. Asteburuetan, ordea, txotx garaian egiten den bezala, baldeadoreek ura eta desinfektantearekin garbituko dituzte kaleak.

Garbiketa berezi hauek herri guztietan egiten ari dira. Urnietan, adibidez, Udalak lan horiek egiten jarraitzen du egunero herriko leku jendetsuenetan: udaletxearen inguruan, osasun zentroan, postetxean, dendetan, farmazietan, bankuetan, edukiontzietan, autobus markesinetan, tren geltokian, barandetan€

Herrigunean lan horiek egiteaz gain, landa inguruneko edukiontzietan ere egiten dira desinfekzio lanak.

Edukiontziei dagokienez, Urnietako Udalak gogorarazi du errefusa botatzeko edukiontziak behin-behinean egunero irekitzeko erabakia hartu duela, material prebentiboak erabili behar dituzten pertsonek, hala nola eskularruak edo maskarak, erabili ondoren bota ahal izan ditzaten. Material horiek kontu handiz bota behar dira errefusaren edukiontzira, poltsa batean sartu eta hermetikoki itxita, kutsatzeak saihesteko.

Lasarte-Orian ere, Udaletik esan dutenez, eremu batzuk desinfekta-tzeari ekin zaio, hala nola anbulatorioa, Atsobakar egoitza, edukion-tziak€ Hala ere, leku publikoetan heldulekuak erabiltzean kontuz ibiltzea gomendatu du.