Usurbil - Usurbilgo azkeneko Osoko Bilkurak alokairu sozialeko etxebizitzei buruzko bi puntu onartu zituen, hasieraz eta aho batez. Batetik, eskatzaileen erregistro propioa sortzea, eta, bestetik, alokairu sozialeko udal etxebizitzak esleitzeko araudia aldatzea.

Gaur-gaurkoz, Udalak hemeretzi etxebizitza bideratzen ditu alokairu sozialera: hamabi Txaramunton eta zazpi Gernika ibilbidean. Horrez gain, beste bi etxebizitza ditu jabe-tzan Udalak Santuenean, eta horiek egokitzen ari dira zirkuitu berrian sar daitezen; dena den, oraindik ezin da eguna zehaztu, Alokabiderekin egin beharreko hitzarmen bat beharrezkoa baita horretarako.

Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak azaldu zituen etxebizitzei lotutako aldaketen nondik norakoak. 2009an esleitu ziren etxe horiek lehenengo aldiz, zozketa bidez, Etxebizitzen Legea oinarri hartuta, bost urterako. Ordutik, bitan esleitu dira etxeak zozketa bidez, baina sistema hori aldatzea erabaki dute hainbat arazo eragiten dituelako. "Ez dira aldi berean hustu, batera esleitu ziren arren. Hustu ahala, nori esleitu erabakitzeko zozketatik eratorritako itxaron zerrenda hartzen zen kontuan, baina zerrenda horiek desfasatuta daude, eta ez diete unean uneko beharrei erantzuten", aditzera eman zuen. Bestetik, ez du aukera ematen jendeak izena emateko zozketa berri bat egiteko. Eta, azkenik, etxeak zozketa bidez esleitzea ez dela "oso justua" ulertzen dute. "Hainbat udalerri ari dira, azken urteetan, etxeak zozketa bidez eslei-tzearena aldatzen; etxebizitza eskubide aitortu bat da, eta ez da oso justua zoriaren esku uztea" esan zuen alkateak.

Horregatik, etxeak baremazio sistema baten bidez esleituko dira. Hainbat egoera hartuko dira aintzat, eta egoera bakoitzaren arabera puntuak jasoko dira.