Hernani - Eskola Agenda 21 programan Haur eta Lehen Hezkuntza, Bigarren Hezkuntza, Batxiler eta Gizarte Berrikuntzako Hernaniko ikastetxeek hartzen dute parte. Guztira, 2.500 ikasle inguru daude gaian murgilduta, adin desberdinekoak.

Aurten programak 16 urte bete ditu herrian eta epe honetan gai ugari landu dira, beti jasangarritasunaren ikuspegitik: hondakinak, ura, mugikortasuna, biodibertsitatea eta aniztasun kulturala, kontsumoa, energia, elikadura jasangarria... eta aurten, klima aldaketa, gaurkotasun handiko gaia.

Ikasturtearen lehenengo hiruhilekoan, sentsibilizazio jarduerak egiten aritu dira. Aldi berean, ikastetxe bakoitzak bere barne-diagnostikoa egin du. Aztertutako puntuen artean energiaren kontsumoa aurkitzen da eta eguneroko kontsumoa nola murriztu lantzen ari dira. Eta guzti honekin ikastetxeetako Txoko Berdeak eta web guneak etengabe elikatzen dabiltza.

Bigarren hiruhilekoan, berriz, herriko diagnostikoa gauzatzeko jarduerekin hasi dira. Mailaren arabera, gaia ikuspuntu desberdin batetik ikertuko dute eta Udalari proposamenak egingo dizkiote denon artean hobekun-tzak lortzeko. Egindako diagnostikoaren arabera, hobekuntza proposamenak martxan jartzeko garaia izaten da. Hauetako ba-tzuk norberak egitekoak dira, beste batzuk ikastetxeetan eta beste hainbat Udalari proposatuko zaizkionak datorren hiruhilekoan. Adibidez, energia kon-tsumoa aurrezteko ekintzak gauzatu edota proposatu, Fridays for Future greba deialdiekin bat eginez larrialdi klimatikoa aldarrikatu modu aktiboan, kafe makinako edalontziak aldatu?

Lanbide Heziketako Gizarte Berrikuntza taldea ere programa honetan murgilduta dabil eta, haiei esker, adibidez, bizikletak aparkatzeko gune bereziak lortu dira. Orain, ordea, autobus geltokietan zakarrontzi txiki desberdinen diseinuan eta ekoizpenean ari dira.

Amaitzeko, azken hiruhilekoan, ikasleen arteko foroetan ikasle ordezkariak elkartuko dira eta egindako lana bateratuko dute. Hemen ateratzen diren emaitzekin Udalean aurkeztuko den txostena sortuko da. - A.M.