- Hondarribia zu zara lelopean, Hondarribiko Udalak hiriko ostalaritzak eta merkataritzak sortzen duten aberastasun kulturala eta ekonomikoa azpimarratzeko komunikazio kanpaina bat abiaraziko du datorren astelehenean, maiatzak 17. Planaren helburua ikuspegi sozioekonomikotik pandemiak izan dituen kalte nabarmenetakoak jasan dituzten sektoreen "bidelagun" izaten jarraitzea dela azaldu zuen atzo Txomin Sagarzazu alkateak.

Izan ere, azken hilabeteotan tokiko administrazioak Hondarribiko ehun ekomikoa berraktibatzeko hainbat ekimen martxan jarri dituela gogorarazi zuen Sagarzazuk; esaterako, Euskadi Bono Denda eta Bono Turismo planetara atxikitzea edota bide publikoa erabiltzeagatik kobratzen diren tasentzako hobariak eskaintzea.

Ostalaritza eta merkataritza sektoreez gain, kanpainak Hondarribiko ehun ekonomikoaren balio-katean parte hartzen duten agente guztiak balioan jartzeko asmoa du, "ekoizlearengandik hasi eta azken kontsumitzailearenganaino, tokikoa edo kanpokoa", alkatearen hitzetan.

Maria Serrano Ekonomia Sustapen zinegotziak, bere aldetik, kanpainan parte hartu duten 50 inguru pertsonei eskerrak eman zizkien: "Esperientzia bikaina izan da". Kanpainaren formatuari dagokionez, Hondarribiko zenbait puntutan egongo diren euskarri fisikoetan, prentsan eta sare sozialetan burutuko da ekainaren 30era arte. Zehazki, euskarri fisikoak Mendelun, Amuten, Zumardian, kiroldegiaren parean eta hondartza eremuan daude ikusgai, kanpainaren leloarekin ipini diren bost totemen bidez. Gainera, Portu auzoan beste 18 panel jarri dira. Kanpainaren pieza nagusietako bat Udalak ikus-en-tzunezko formatuan sortu duen publizitate-iragarki bat da, astelehenean zabalduko dena.