Hiri Antolamenduko Plan Orokor berriaren tramitazioa hastea adostu zuen Hondarribiko Udalbatzak joan den uztailaren 23an. Udaleko Hirigintza departamentuak dokumentuaren Aurrerakina osatzen joan da azken hilabeteetan akordio horren harira eta datorren asteartean tramitazioaren fase berri bat irekiko da, Hondarribia martxan! lelopean, udalerriko hirigintza zuzenduko duen idatzia osatzerako orduan herritarrek bere iritzia ematea ahalbidetuko duen lehenengo parte-har-tze prozesuaren hasierarekin.

"Hiritarrak HAPOaren inguruko informazio guztia gardentasunez eduki dezaten lan handia egiten ari gara, eta horren berri zehatz-mehatz emango dugu astearteko saioan", jakinarazi zuen atzo Txomin Sagarzazu alkateak, 2017an onartutako Plan Orokorra baliogabetuta gelditu zelako tramitazio berria egin behar dela gogoraraziz.

Alkateak aurreratu zuenez, lehen kontsulta epe honetatik Plan Orokorra idazteko irizpideak eta helburuak atera beharko dira, lehen urrats bat baino ez baita. Ildo horretan, ekarpen eta proposamen zehatzagoak egiteko ordua aurrerago iritsiko dela nabarmendu zuen Sagarzazuk. "HAPOaren tramitazioa hainbat fasetan banatzen da, eta gaur egungo fasea, Aurrerakina, garrantzitsuenetako bat da, herritarren parte-har-tzearen ikuspegitik", zioen.

HAPOaren behin behineko onarpena iritsi arte bide luzea gelditzen dela aipatu zuen ere Sagarzazuk. Legeak fase bakoitzerako epe zehatzak aurreikusten ditu, eta ondorioz, tokiko administrazioak tramitazioa lehenbailehen bukatzeko borondatea izan arren, derrigorrezkoak diren urratsen denborak errespetatu beharko ditu. Dena den, baliogabetuta gelditu zen HAPOaren lanketaren zati batzuk oraindik erabilgarriak direla gehitu zuen alkateak: "Ez dugu hainbeste urte eraman zituen lanketa osoa zakarretara botako; adibidez, gure hiriaren ezaugarrien azterketa aurreratuta genuen eta diagnostikoa ez da aldatu hain urte gutxitan".

Tramitazioari buruzko informazio guztia zabaltzeko asmoz, Maria Serrano Hiritarren Arretarako zinegotziak datorren asteartean, apirilak 13, Kultur Etxean ospatuko den saiora hurbiltzeko gonbitea luzatu zien hondarribiarrei. Pandemiaren harira martxan dauden osasun neurriak direla eta, gehienez 29 pertsona bertaratu ahal izango dira bilerara, aurretik izena eman ondoren. Hala ere, saioa jarraitzea edonoren eskuetan egongo da, Udaleko YouTubeko kanalean zuzenean emitituko baita.

Prozesuaren eguneraketa guztien berri izateko zenbait bide daudela iragarri zuen Serranok. Nagusiki, informazioa Hondarribiko udal webgunean zintzilikatuko da (hondarribia.eus/hapo helbidean). Horrez gain, HAPOaren buletinean izena emateko aukera ere badago, web berdinean, albiste guztiak posta elektronikoz edo Udalak abian jarri duen Telegrameko kanalaren bidez jasotzeko. Datozen aste eta hilabeteetan, Planari buruzko zenbait bisita gidatu, tailer eta erakusketa antolatuko dira.

Prozesuaren lehenengo parte-hartze bilera Kultur Etxean ospatuko da eta bertaratzeko aurrez izena ematea derrigorrezkoa da