- Aste Santu honetarako zenbait egitasmo prestatu ditu Arma Plaza Fundazioak hondarribiarrei begira eta tokiko turismoa bultzatzeko. Beraz, Hondarribiko ondare historikoa ezagutarazteko lau bisita gidatu mota antolatu ditu entitateak egunero datorren astelehenerarte, apirilak 5.

Lehenengo hiru txangoek Hirigune Historikoa, Portu auzoa eta Guadalupeko gotorlekua oinez bisitazeko aukera ematen dute. Laugarren proposamenak, ordea, Behemendik kudeatzen duen Tren Berdean hiria zeharkatzen duen ibilbide bat eskaintzen du, Javier Ugarte kaletik aterata.

Hauetariko edozein bisita gidatuan parte hatu ahal izateko aldez aurretik erreserba egitea ezinbestekoa da, gutxienez 24 orduko aurrerapenarekin, kanal hauen bidez: 943 644 623 telefonora deituz 8.00etatik 15.30erako ordutegian, presentzialki Arma Plazako turismo bulegora 10.00etatik 18.00etarako ordutegian (edo 14.00ak arte igandean) bertaratuz, info@armaplaza.eus helbidera mezu elektroniko bat bidaliz edo armaplaza.eus webgunean aurki daitezken inprimakiak betez.

Pandemia dela eta, bisita gidatu guztiek derrigorrez jarraitu beharko den segurtasun protokolo berezi bat izango dute; nahitaez jarraitu beharreko baldintzak partehartzaileei posta elektronikoz edo telefonoz jakinaraziko zaizkie. Ibilbideen prezioak lau eta hamar euro bitartekoak dira, bisitaren arabera.

Honez gain, Arma Plazak hiria eta Jaizkibel mendiko inguruak bere kabuz eta bere erritmoan ezagutu dezaten sei ibilbide proposatzen ditu. Aurten liburuxka berriak argitaratu dira paperezko formatuan (dohainik eskuragai daude Fundazioaren instalakuntzetan) eta digitalean (edonork deskargatu ditzake Arma Plazako webguneko ibilbideen atalean).