- Kultura, hezkuntza, euskara eta kirol jarduerak sustatzeko dituen diru partiden berri eman zuen Hondarribiko Gobernu taldeak pasa den astean. Udal aurrekontuak aurkezteko egiten ari den prentsaurrekoen erronda jarraituz, Txomin Sagarzazu alkateak eta Juan Luis Silanes zinegotziak agerraldi hauetako laugarrena eskaini zuten.

Alkateak zioenez, "herritarren ongizaterako", termino hau "kulturaren zentzu zabalenean" ulertuta, aurtengo udal aurrekontuek "ia bost milioi euroko kopurua" aurreikusten dute. Hala ere, Sagarzazuk argitu zuenez, kopuru honi aurrekontuen lehenengo ildo nagusia gehitu ondoren (hiriko pertsonak eta familiak laguntzea xede duena, Gobernuaren "lehentasun nagusia" izanik), 2021ean Udalak herritarrei zerbitzuak eskaintzeko prestatu duen aurrekontua, oro har, "zortzi milioitik gorakoa" da.

"Etxeratze agindua izan genuenean", gogorarazi zuen alkateak, "nolabait herritar gehienek gure kultur nahiak asetzeko premia sumatu genuen, eta horretan erakunde gehienak eduki digitalak eskaintzeko ahaleginak egin genituela uste dut". Honen kontra hitz egin ez zuen arren, Sagarzazuren ustez, "gure dimentsio sozial horretan aurrez aurreko ekitaldiak ezinbestekoak ditugula garbi dago". Ildo horretan, kultur emanaldiak eskain-tzen jarraitzearen garrantzia azpimarratu zuen alkateak: "Ahaleginak egin ditugu orain arte eta horretan ari gara, eta ikusi dugu 2021. urtean ere horretan ari beharko dugula".

Ondoren, Silanesek Kultura, Kirola, Euskara eta Hezkuntza arloen partiden xehetasunak eman zituen, guztira departamentu hauen aurrekontuek 4.931.000 euro gehitzen dutela zehaztuz. Lehenik eta behin, zinegotziak Hondarribko ikastetxe publikoen mantentze lanetarako, garbiketak barne, Udaletik 976.000 euro bideratuko direla jakitera eman zuen: "Satarka, Biteri, Bordari, Loraitz eta Soroetako eraikun-tzak ditugu, eta guzti horietan ohiko gastuak, mantenuak, argi indarra, gasa, telefonoak, seguruak eta inbertsioak ordaindu behar dira". Silanesen hitzetan, Udalak ikastolekin duen harremana "ona" da.

Zuloaga Etxeko liburutegiari dagokionez, ekipamenduak 522.000 euroko partida du aurten. "Orain dela hiru urte berritu genuen Zuloaga Etxea, 2017ko urrian. Zorionez, pandemiaren krisiak liburutegiaren aurrekontuan ez du murrizketarik suposatu eta egoera honetan maila handiko zerbitzua eman dugula uste dut", adierazi zuen Silanesek. Udal Artxiborako aurrekontua, aldiz, 338.600 eurokoa da.

Bestalde, hiriko kultur jarduera eta ekipamenduetarako 1.086.000 euro erabiliko ditu Udalak. Sektore hau laguntzeko "Gobernuaren apustua aurrekontua mantentzea" izan dela argi utzi nahi izan zuen Silanesek: "Ez dugu jaitsi ezer ez eta Hondarribian kalitatezko programazioa eskaintzen dugula dudarik gabe esan dezakegu". Gobernuak sektorearen egoera la-tza dela badakiela eta horregatik kulturarako iazko partida handia mantentzea erabaki duela nabarmendu zuen zinegotziak.

"Euskara eta Udal Euskaltegia sustatzeko 760.000 euro ditu Udalak, eta gazteriari zuzendutako ekintzetan beste 357.000", jarraitu zuen udal ordezkariak, Kirol arloak beste 608.000 euro dituela gehituz eta egoera honetan "elkarteak mantentzen ari diren jarrera" eskertuz.

Amaitzeko, alkateak jaiei buruz hitz batzuk eskaini zituen, aurtengoetarako 404.000 euroko partida bat erresebatu dela iragarriz. "Otsailean zaila egiten da horietaz hitz egitea", zioen Sagarzazuk, "baina Gobernuaren konpromezua argia da, horregatik daukagu partida hori erabiltzeko prest".

Kulturari dagokionez, sektorea laguntzeko milioi bat baino pixkat gehiagoko partida mantentzea erabaki du tokiko Gobernuak