Urte honetako urtarrilean, Hondarribiko Sabino Arana eta Alde Zaharra lotzen dituen igogailuaren errodamentu nagusi bat hondatu zen. Ez hori bakarrik. Egun batzuk lehenago, haur batek istripu bat izan zuen Madalen kaleko eskailera mekanikoetan. “Suhiltzaileek, beren lanean eta premiaz, bere osasuna zaintzeko jardun behar izan zuten, eta salbamendu horrek eskaileretan uste genuen baino kalte handiagoak eragin zituen”, gogorarazi zuen joan den astean Txomin Sagarzazu alkateak. Bi azpiegitura horien falta hiriko oinezkoentzako mugikortasun bertikalean asko sumatu dute hondarribiarrek, bereziki adinekoek, azken hilabeteetan. Arazoaren konponketa denboran hainbeste luzatu izana azaltzeko agerraldian, Obra eta Zerbitzuetako ordezkariak, Gonzalo Carrionek, eta Sagarzazuk tokiko gobernuan “autokritika” egin dutela jakinarazi zuten: “Udala ez da behar bezain diligentea izan”.

Ildo horretan, egoera hau azaltzen dituen bi arrazoi nagusi daudela adierazi zuen alkateak: batetik, tramitazio administratiboan agertu diren zailtasunak eta, bestetik, bi azpiegituren konponketen konplexutasun teknikoa.

“Lehenik eta behin esan nahi dut, administratiboki, ezin dugula esleipena pentsatu bezala eraman”, zioen Sagarzazuk, “bi azpiegituretan Hondarribiko Udala, beste udalerri ba-tzuk bezala, Gipuzkoako Foru Aldundiaren kontratazio-sistema baten barruan dagoelako”. Sistema horrek abantailak dituen arren, alkateak adierazi zuenez, Hondarribian egon diren bezalako bi gertakari izaten direnean zailtasunak dakar.

Beraz, Udalak tramitazio prozesu berri bat hasi behar izan du eta esleipen-dekretuak dagoeneko sinatu dira. Hala ere, Carrionek iragarri zuenez, konponbideek “denbora beharko dute: igogailuaren kasuan, bi hilabete, eta eskailera mekanikoen kasuan, bost”.

Konponketen konplexutasuna dela eta, eskailerak eta igogailua berriro martxan jartzeko bideratuko diren diru-kopuruak potoloak dira: 30.000 euro igogailuaren kasuan eta 90.000 euro eskaileretakoan.