Horregatik, "pandemia egoera dena baldintzatzen" duen arren, Hondarribiko Merkataritza zinego-tziak, Maria Serranok, Udalak lehiaketa mantentzea erabaki duela iragarri du aste honetan. Ekimenarekin, argiteriaren pizketarekin hasi zen Gabonak apaintzeko bidean "beste urrats bat" eman nahi dela adierazi zuen Serranok.

Lehiaketan parte hartzeko inskripzioak dagoeneko irekita dago eta hala mantenduko da hilaren 18ra arte. Izenematea egiteko, interesa duten tokiko establezimenduek BAZera edo Udaleko erregistro elektronikora (hondarribia.eus webgunean) jo dezakete. Azken hamar edizioetan bezala, lehiaketan parte hartzea doakoa da eta dekorazio hoberena duten saltokiek diru sariak jasoko dituzte.

Dekorazioetan garatutako gaia Gabonetako giroarekin zerikusia izan beharko du nahitaez eta erakusleihoek gutxienez abenduaren 19tik urtarrilaren 7ra, biak barne, egon beharko dute lehiaketarako aurkeztutako dekorazioarekin apainduta. Establezimenduek hala nahi badute, Gabonetako dekorazioa aurreko eta ondorengo egunetan mantendu ahal izango dute ere bai.

Epaimahaia herritarrek osatuko dute aurten; hondarribiarrek sare sozialen bidez gustokoen duten erakusleihoa bozkatu ahal izango dute. Instagramen (@hondarribiko_udala) erakuslehio bakoitzari ikusgaitasuna emateko istorioetan argazkiak igoko dira. Gainera, Udalak establezimendu parte-hartzaile guztiekin argitalpenak egingo ditu (bat bakarra hamar denda edo gutxigo izena ematen badute, edo bat baino gehiago kopuru horretatik gora badira). Instagrameko argitalpen horietan bozkatzeko, hondarribiarrek gehien gustatzen zaien erakusleihoa duen establezimenduaren izenarekin iruzkina utzi beharko dute.

Facebooken, berriz, beste argitalpen bat sortuko da establezimendu guztien argazkiekin eta dinamika azalduz. Iruzkinen bitartez bozkatzeko prozesua berdina izango da.

Bozkaketak abenduaren 19tik abenduaren 27ra egingo dira eta bere izenarekin iruzkin gehien lortzen dituzten hiru dendek hurrengo sariak lortuko dituzte: 450 euro lehenengoarentzat, 300 bigarrenarentzat eta 200 hirugarrenarentzat. Sariak ezin izango dira partekatu bi establezimendu edo gehiagoren artean.

Lehiaketaren epaimahaia hondarribiarrek osatuko dute aurten, dekorazio onenak Instagram eta Facebook bitartez bozkatuko baitira