- Hondarribiko Abotsanitz udal taldeak Hondarribiko udalari leporatu dio uztaila bukaera eta abuzturako kultur programazioaren aurkezpenean gezurretan aritu zela. Taldeak asteazkenean aldarrikatu zuenez, gobernu jeltzaleak kultur eragile eta alderdi politiko desberdinen iritziak ez ditu kontuan hartu programazioaren lanketa egiterako orduan. "Abotsanitzek udaberrian herriko eragileekin adostutako proposamenari ez dio erantzun ere egin, eta sinistuta gaude, aurten, koronabirusa dela-eta, nahitaez eragileekin adostu behar zirela ekintzak", zioten taldetik ohar batean.

Ildo horretan, Abotsanitzentzat gobernuak antolatu dituen kultur ekitaldiak "publiko jakin bati" zuzenduta daude eta "bai adinez, bai gustuagatik, hondarribiarren zati handi kanpoan geratzen da". Gainera, bere komunikatuan taldeak ekitaldi "oso gutxi" antolatu direla, berandu iritsi direla, ("lehenengoa uztaileko bigarren hamabostaldian") eta udaberrian bertan behera geratu ziren ekitaldi gehienetarako (Herri Kanta Jaialdia edo Hondarribi Dantzan, esaterako) alternatibarik eskainiko ez dela argudiatzen du.

"Bagenekien horrelako zerbait gertatu zitekeela, eta hain zuzen ere horregatik, proposamena erabat landua aurkeztu genien", zioten Abotsanitzetik, "baina ez ziguten erantzun ere egin". Bukatzeko, udako kultur ekitaldietarako gobernuaren proposamena bere "borondate ezaren ispilu" dela adierazi zuten taldetik eta, pandemiaren harira, kultur sektoreak hau ez zuela merezi aldarrikatu zuen Abotsanitz.