hondarribia - Dirulaguntzen Plan Estrategikoa eta Berdintasun Plana onartzeko proposamenak biharko Osoko Bilkurara eramango ditu Hondarribiko udal gobernu taldeak. Bi dokumentu horiei buruzko xehetasunak emateko agerraldi bat burutu zuten atzo hiriko alkateak, Txomin Sagarzazu, eta Kultura zinegotziak, Juan Luis Silanes.

Udal gobernuak Berdintasun Planaren onarmena otsaileko ohiko Osoko Bilkurara eramatea zuen aurreikusia, baina oposizioko taldeek denbora gehiago eskatu zuten dokumentua aztertzeko eta aldaketak aurkeztu zituzten eragileekin bilera bat egiteko. Sagarzazuk atzo jakinarazi zuenez, bilera hori ospatu egin zen eta horregatik plana onartzeko proposamena biharko saioan bozkatuko da, idatzian aldaketak egin ez diren arren.

Bestalde, Dirulaguntzen Plan Estrategikoari dagokionez, lau urteko ikuspegia landuko du eta legez Udal guztiek egin behar duten prozesu bati erantzutea du helburu. Alkateak argitu zuenez, legeak aurrikusten duen ikuspegi orokorretik dirulaguntzak nola finkatuko diren zehaztuko du planak, herriko eta herriz kanponko elkarteekin garatzen den lankidetzak izango dituen ezaugarri nagusiak ezarriz. "Horrek ez du esan nahi orain onartzen denak ezin dituela aldaketarik eduki ekimen berri edo esanguratsuak sortzen diren heinean", jarraitu zuen Sagarzazuk.

Azken gai honi oso lotuta, dirulaguntzak emateko Udal Ordenantza eta oinarri arautzaileen eranskinak onartzeko proposamena eztabaituko da bihar. Dirulaguntzen Ordenantzak kopuru horiek nola eta noiz ematen diren arautzen du. "Aspalditik, dirulaguntzen legea abian jarri zenetik, Udal honek bere egokitzapenak egin ditu eta orain iritsi da gai hau eguneratzeko garaia", zioen alkateak.

Izan ere, azken urteetan Hondarribiko Udalak arazoak izan dituela zenbait dirulaguntzen deialden epeekin onartu zuen atzo Sagarzazuk. Hori berriro ez gertatzeko, urte bat iraun duen lanketa egin dute udaletxean. Ildo horretan, Silanes eskerrak eman nahi izan zien departamentu desberdinetako teknikariei "egin duten lanagatik". "Prozesu konplexua izan da, partehartze handia egon da eta emaitza orain eramango dugu Plenora", adierazi zuen zinegotziak.

Dena ondo joanez gero, ekainerako hainbat dirulaguntzen deialdi bateratua egitea aurreikusten du udal gobernu jeltzaleak. Hori baino lehen, elkarteei ordenantzan abian jarriko diren aldaketen berri eman nahi diete gobernutik eta, "informazioa helarazteko eta elkarren artean adosteko", saio publikoak ospatuko direla aurreratu zuten atzo udal gobernuko ordezkariek.