Síguenos en redes sociales:

Miguel Castellsek 2026ko Monzon-Ganuza saria jasoko du

Euskal Herriko "legediaren historian erreferente" bihurtu den abokatua sarituko dute Bergarako Udalak eta Olaso Dorrea Fundazioak

Miguel Castellsek 2026ko Monzon-Ganuza saria jasoko duB.U.

Miguel Castells Artetxek jasoko du 2026ko Monzon-Ganuza, Euskal Utopikoei Saria. Bergarako Udalak eta Olaso Dorrea Fundazioak asteazken honetan iragarri dute Busturian 1931n jaiotako abokatua izango dela sariduna. 

Gorka Artola alkateak gogoratu duenez, sariaren helburua Telesforo Monzon eta Maria Josefa Ganuza omentzea dela, “askatasunaren aldeko borrokan elkarrekin egindako ibilbideagatik”. Udalaren eta Olaso Dorrea Fundazioaren hitzetan, “utopia ez da helmuga bat, egunero bidean jarraitzera bultzatzen gaituen horizontea baizik”. Ildo horretan, 2021etik gaur arte, sariak bizitza osoaEuskal Herriaren, euskararen eta euskal kulturaren alde eman duten pertsonak aitortzen ditu.

Aurreko edizioetako sarituak

Orain arte, honako hauek izan dira sarituak: 2021ean Libe Goñi; 2022an Jose Luis Elkoro eta Mari Karmen Ayastui; 2023an Xabier Amuriza; 2024an Jose Mari Esparza; eta 2025ean Amaia Zubiri. Urtero, gainera, sarituak euskal artista gazte baten obra jasotzen du.

Gorka Artola alkatea eta Olaso Dorrea Fundazioko lehendakaria, Irati Jimenez, asteazken honetan egindako aurkezpenean.

Castellsen ibilbidea

2026ko edizioko hautatua, Miguel Castells Artetxe, Euskal Herriko legediaren historian erreferente bihurtu den abokatua da. Gaztetatik bizi izan zuen injustiziaren errealitatea: bost urterekin ama galdu zuen, eta Terueleko batailaren ondoren aita kartzelaratu egin zioten. 1956tik aurrera jardun du abokatu lanetan, eta ordutik “ahulen alde lan egiteko” hartu zuen konpromiso pertsonal eta profesional gisa.

1960ko hamarkadan ETAko auzipetuen defentsarako taldeak antolatzen lagundu zuen, eta 1970eko Burgosko Prozesuan parte hartu zuen abokatuetako bat izan zen. Bere ibilbidean nabarmenak dira, besteak beste, 1975ean Txikiren testamentu politikoa Modelo kartzelatik Euskal Herrira ekarri izana; Amnistiaren Aldeko Batzordeen sortzaileetariko bat izatea; 1983an 'Punto y Hora' aldizkarian tortura eta hilketa zigorgabeak salatzeagatik urtebeteko espetxe zigorra jasotzea eta, ondoren, auzia 1992an Europako Giza Eskubideen Auzitegian irabaztea; baita euskal errefuxiatu deportatuen babes politiko eta juridikoan egindako lana ere. 2020an, ofiziozko abokatu gisa egindako 60 urteko jardunagatik, Gipuzkoako Abokatuen Elkargoaren kondekorazioa jaso zuen.

Olaso Dorrea Fundazioko lehendakari den Irati Jimenezek adierazi du Castells “erreferentziazko legelaria” dela eta haren irizpide juridikoak gaur egun ere unibertsitateetan erabiltzen direla. Halaber, “behartsuen aldeko konpromiso etikoari” eutsi izan diola azpimarratu du.

Sari banaketa ekitaldia martxoaren 10ean egingo da, Bergarako Seminarixoak, 18.30ean.