Santa Ageda bezperan, Ereintzaren kopla saioa asteazkenean Errenteriako kaleetan
Joxe Leon Iza, Sindikato taberna, Ereintza antzerki taldea eta Jantziaren Zentroa omenduko dituzte geldialdietan
Euskal Herriko hainbat txokotan bezala, Santa Ageda bezperan koplak eta bertsoak izango dira hilaren 4ean protagonista Errenteriako kale eta tabernetan, Ereintza Dantza Taldearen eskutik. Arratsaldean zehar, hainbat geldialdi eta omenaldi egingo dituzte, herriko eragile eta pertsona esanguratsuei eskainitako bertsoekin.
Ereintzako kideak 17.45ean elkartuko dira egoitzan, eta entsegu labur baten ondoren ekingo diote ibilbideari. 18.15ean, Bixigarri tabernan egingo dute lehen saioa. Handik gutxira, Madalenako Ermitara joango dira, eta 18.30ean bertan omenaldia egingo diote hil berri den Joxe Leon Iza taldeko lagunari, taldekideen makilak tailatzen eta izendatzen egindako lana eskertzeko.
18.50ean, Magdalena kalean, Xenpelar Bertso Eskolako taldearekin bat egingo dute, eta bertsoak eskainiko dizkiote 2024an ateak itxi zituen Sindikato tabernari, Errenterian egindako ibilbide luzearen aitortza gisa. Ondoren, 19.05ean, Leku Zaharra tabernan izango dira; 19.25ean, berriz, Mikelazulon, Ereintza antzerki taldeari esker oneko bertsoak eskainiz, euskarazko antzerkiaren alde egindako lanagatik.
Azkeneko geldialdiak
Ibilbideak jarraipena izango du Donosti sagardotegian (19.40), Kerala tabernan (20.00) eta Maite tabernan (20.25), umore onean. Amaiera 20.45ean izango da, Kapitain Etxearen aurrean: bertan, Xenpelar Bertso Eskolako taldearekin batera, Jantziaren Zentroari eskainiko dizkiote azken bertsoak, Iraultza Dantza Taldeak, Ramon Garcia buru duela, janzkeraren bilakaera eta Euskal Herriko zein Europako modaren historia zabaltzeko egindako lanari balioa emanez.
Koplarien artean izango da Amaia Agirre bertsolaria. Musikan, Doike taldeko Naroa Oiarzabal eta Ion Pombar akordeoi jotzaileek eta Ereintzako txistulariek lagunduko dute saioa. Talde osoaren zuzendaritza Xabier Vesga eta Josetxo Oliveriren esku egongo da.
Antolatzaileek azpimarratu dute abesbatzak kantatuko dituen 34 bertsoetatik gehienak berriak direla, eta Julian Albistur, Xabin Irastorza eta Emaitz Murua (Bertso Eskolakoa) izan direla egileak. Taldea irekia da parte hartu nahi duen edonorentzat, ohiko jazkerak errespetatuta, eta errenteriar guztiak gonbidatu dituzte gaurko kopla saioan parte hartzera, adierazitako lekuetan.
Temas
Más en Bertan
-
Lasarte-Oria combina tradición y participación ciudadana en los carnavales
-
Irun y Hondarribia activan una nueva recogida de alimentos para los campamentos saharauis de Tindouf
-
El Carnaval llama a las puertas de Azpeitia
-
Las grietas generadas por las obras de la residencia Errezabal de Elgoibar, bajo revisión