Felipe Uriarte sanjuandarrak, Irene San Sebastian margolariarekin batera, Marmotarenak izena duen mendiari buruzko ipuin ilustratua plazaratu du. Aste honetan Donibaneko Ubera liburutegian aurkeztu du lagun eta sanitartekoen artean.
Idatzi izan dituzu mendiei buruzko hainbat gida, liburu eta sherpa hiztegi bat. Marmotarenak zure fikziozko lehenengo lana da?
Bai, beste gauza batzuk eginak ditut ere, adibidez, liburu batean ipuin pare bat fizkiozkoak baditut, baina horrela nirea, pertsonala, hau lehenengoa da.
Fizkiozko liburu bat idaztea zailagoa al da?
Idaztea zaila da, ofizio zaila egiten zait idazlea ez naizelako. Igeltseroa ez bazara eta pareta bat altxa nahi baduzu, zaila egingo zaizu. Idazle izan gabe idazten baduzu ofizioa ez duzu ondo menderatzen eta, jakina, zaila bezain ederra da.
Noiz hasi zinen idazten? Zerk animatu zintuen?
Betidanik idatzi dut. Mendira beti nire libreta eramaten dut eta nire oharrak hartzen ditut mendian; fikzioa ez, baina poesia txiki batzuk idatzi izan ditut niretzako. Orduan nik ohitura daukat idazteko.
Zergatik erabaki duzu liburu hau kaleratzea?
Zintzoki esaten badizut, ez dakit zergatik.
Baina Marmotarenak idazten hasi zinean konturatu zinen liburu bat izan zitekeela.
Bai. Gertakari pertsonal batetik sortu zen eta handik tiraka idazten hasi nintzen historia hura. Ipuin ttiki bat atera da. Lagun bati esan nion ea marrazki batzuk egingo zizkidan eta hark baietz esan zidan eta orain hementxe daukat liburua. Mahai gainean. Bizitzaren bideak zailak dira jakitea.
“Marmota edo muxarra goimendin bizi da eta mendizaleei oso animalia maitagarria egiten zaigu, oso hurbilekoa da”
Zer ematen dizu zuri idazteak?
Niregan idaztea gauza normala da eta ez dut idazten lasaitzeko edo nire burua pakean uzteko. Etortzen zaizkidan historiak idazten ditut. Irakurlea izan naiz oso gaztetik eta irakurle bazara nik uste dut idazlea era bazarela, pittin bat behintzat. Nik uste dut hortik datorkidala nire betiko ohitura hau. Oso gaztea nintzela mendiko liburu bat publikatu nuen eta gero hau.
Zergatik erabaki zenuen marmota animaliari protagonismoa ematea liburu honetan?
Ni mendizalea naiz, goimendi gidari izan naiz, eta naiz oraindik, eta marmota edo muxarra goimendin bizi den mendizaleentzako animalia zoragarria da. Zergatik maite dugu? Gorputz dibergitarria du, potoloa da, txistu oso ozenak egiten ditu oso bizimodu berezia du eta mendizaleei oso maitagarria egiten zaigu. Ni asko ibili naiz goimendian eta esango nuke oso izaki hurbila dela. Pirinioetara edo Alpetara joaten bazara oso ohikoa da muxarraren txistuak entzutea. Oso maitagarria da eta ez zen txarra bera liburu batean ipintzea.
Marmotarenak liburu ilustratua da eta marrazkiek garrantzia handia dute.
Marrazkiak Irene San Sebastianek egin ditu, Jakan sortu zen, baina aita tolosarra du. Arte Ederrak ikasi zituen eta gaur egun Granadan bizi da. Bera marrazkilaria eta gaztea da eta hasi berria da marrazki lanetan, oso langilea da eta oso zorrotza bere lanarekin. Nik 81 urte ditut eta berak 26 eta, kontxo, elkarlanean ibili gara. Liburuak bilgune bat izan nahi du adin desberdinetako pertsonentzat. Kasu honetan ere elkarlana zoragarria izan da eta liburuaren izakerarekin ere oso lotuta dago.
Zein da liburu honen helburua?
Liburuaren ardatza mendizaletasuna da, baina ez egunkaritan ager-tzen diren balentria handi horiek edo eskalada zail horiek, baizik eta beste mendizaletasun bat: asteburukoa, intimoa, familiartekoa, eguneroko mendizaletasuna. Mendiak klase guztietako jendea onartzen du, bai adin guztietako jendea ere. Bada toki bat biltzeko, bilgune bat bada.
Mendia zaintzeko mezua ere sartzen duzu istorioan?
Agian inplizituki dago sartuta. Mendizale izanik nahiko genuke mendia txukun eta zaindua egotea. Ez da erraza, mendiak, naturak etsai asko ditu, esan nuke beldurrik gabe. Mendia maite dugunok saiatzen gara mendia zaintzen; ni neu saia-tzen naiz eta nire inguruan daudenak ere. Mendia zaintzen ez dutenek, normalean ez dira mendizaleak izaten.
“Liburu honek, mendiak bezala, adin guztietako pertsonak onartzen ditu eta gustatuko litzaidake aitonek bilobekin irakurtzea”
Lehenago aipatzen zenuen mendizaletasun intimoak, familiartekoak, zaletu asko dituela gure inguruan uste duzu?
Nahi nuke baietz pentsatu, nire inguruan behintzat bai. Gaur egun mendizaletasuna kirola bezala gehiago ulertzen da, baina nik gehiago ulertzen dut bidaia bezala. Beti mendira zoazenean beste nonbaitera zoaz eta horrek bidaia bat suposatzen du. Baina gaur egun gailentzen da gehiago kirola bezala. Eguneroko mendizaletasuna, intimoa, nik uste dut onura asko dakarkiola gizarteari eta bizirik dago.
Zeinentzat da liburu hau? Nori dago zuzendua?
Liburu honek, mendiak bezala, adin guztietako pertsonak onartzen ditu eta gustatuko litzaidake aitonek bilobekin irakurtzea.
Liburua zure jaioterrian aurkeztu duzu. Berezia da?
Jakina. Ni hemen sortua naiz, donibarretara naiz eta liburua kalean zegoela, sentitu nuen herrira etorri behar nintzela lagunei eta kuadrillakoei aurkeztera. Liburua autoekoizpena da eta eskuratu ahal izango da hainbat liburudendetan.