Irungo 87 establezimenduk parte hartuko dute ‘Euskaraz barra-barra’ proiektuan, Irungo Udalak Euskara Zerbitzuaren bitartez abiatutako ekimenean. Programaren helburua da euskararen erabilera sustatzea tokiko merkataritzan, ostalaritzan eta zerbitzuetan, eta bezeroei euskaraz arreta eskaintzen dieten establezimenduak ikusaraztea.

Ekimenaren bidez, euskararen presentzia handitu nahi da harreman komertzialetan, hizkuntza ohiko erabilera-esparru gisa indartuz. Proiektuaren xehetasunak Josu Iguiñiz Euskarako ordezkariak eta Nuria Alzaga Ekonomia Sustapeneko ordezkariak aurkeztu dituzte, merkataritza-sektoreko ordezkariekin batera.

Euskara ordezkariaren arabera, ekimenaren bidez bezero euskaldunek euskara erabiltzeko izan ditzaketen zalantzak murriztu eta erabilera hori erraztea da helburua. Bestalde, Ekonomia Sustapeneko ordezkariak azpimarratu du tokiko merkataritza hurbiltasunean, entzutean eta konfiantzan oinarritzen dela, eta hizkuntzak zeregin garrantzitsua duela arreta pertsonalizatu horretan.

‘Euskaraz barra-barra’ programan parte hartzeko, establezimenduek bi baldintza nagusi bete behar dituzte: denda irekita dagoen ordutegi osoan gutxienez euskara ulertzen duen langile bat egotea, eta ekimenaren marka leku ikusgarri batean jartzea, bezeroek erraz identifikatu ahal izateko.

Irungo Udalak, bestalde, hainbat laguntza eta zerbitzu eskainiko dizkie ekimenera atxikitako establezimenduei, besteak beste, euskarazko errotulazioa jartzeko dirulaguntzak, doako itzulpen-zerbitzua, merkataritza eta ostalaritzarako hiztegi espezifikoak, euskara ikastaroak eta aholkularitza linguistiko pertsonalizatua.

Bisiten emaitzak

Azaroaren 12tik abenduaren 15era bitartean, 175 establezimendutan bildu dira datuak. Horietatik 116k betetzen dituzte programan sartzeko baldintzak, hau da, irekita dauden ordutegi osoan gutxienez euskaraz ulertzen duen langile bat izatea. Datuen arabera, 142 establezimenduk badute euskaraz ulertzen duen langileren bat, baina 26k ez dute bermatzen langile hori une oro egongo denik.

Baldintzak betetzen dituzten 116 establezimenduei proiektuan parte hartzeko proposamena egin zaie, eta horietatik 87k eman dute baiezkoa. Ondorioz, parte hartzeko aukera zuten establezimenduen %75 atxiki dira ekimenera.

Langileen hizkuntza-gaitasunari dagokionez, bezeroekin harreman zuzena duten 664 langile aztertu dira. Horietatik 355ek (%53,5) euskaraz hitz egiteko gaitasuna dute; 140k (%21) ulertu bai, baina hitz egin ez; eta 169k (%25,5) ez dute euskaraz ez hitz egiten ez ulertzen.

Bisitetan jasotako balorazioen arabera, Udalak positibotzat jo du kanpainaren harrera, eta uste du ekimenak bezero euskaldunen gogobetetasuna handituko duela.

Datozen hilabeteetan, parte hartzen duten establezimenduei jarraipena egingo zaie, baldintzak betetzen jarraitzen dutela egiaztatzeko eta proiektuaren lehen balorazioa elkarrekin egiteko.