Hauspoa&Tunela (Hauspoaren tunela) Gorka Hermosak eta Iñaki Pinedok zuzendutako dokumentala Donostiako Antzoki Zaharrean estreinatuko da abenduaren 19an, 20.00etan. Dokumentalaren emanaldiaz gain, Joseba Tapia, Gorka Hermosa, Zumarragako Trikitixa eta Enrike Zelaiaren musika emanaldiak izango dira, eta Toti Martinez de Lezea eta Kepa Junkera ere bertan izango dira. Herriko beste musikari batzuk ere arituko dira: Antxiñako Ama txistulari taldea eta Maddi Madina kantaria, besteak beste. Sarrerak 10 euroan jarri dira salgai donostiakultura.eus webgunean eta Antzoki Zaharreko eta Victoria Eugeniako leihatiletan.
Hauspoa&Tunela dokumentalak soinua Zumarragara nola iritsi zen kontatzen du: 1859an, Madril-Paris trenaren lanekin, Juan Bautista Busca langile italiarraren eskutik. Akordeoia bertako panderojole eta koplarien tradizioarekin uztartu zen eta italiar hura bizi izan zen etxetik metro gutxira, Euxebio tabernan, lehen trikitixa talde ezaguna sortu zen 1920an: Zumarragako Trikitixa. 1924an lehen trikitixa diskoa grabatu zuten.
Dokumentalak 20 aditu eta pertsonaia ezagun baino gehiagoren testigantzak jasotzen ditu: Fermin Muguruza, Bernardo Atxaga, Kepa Junkera, Joseba Tapia, Jon Maia, Toti Martínez de Lezea, Garikoitz Mendizabal, Jon Plazaola, Joseba Apaolaza, eta, nola ez, oraindik ere jardunean den Zumarragako Trikitixako kideena.
Urtarrilaren 27, 28 eta 30ean Madrilen (Cines Embajadores), TVEren 24H katean eta Bilbon (Bidebarrieta Kulturgunea) egingo dira aurkezpenak. Gainera, martxoaren 26an Santanderren proiektatuko da, eta uztailean Pirinioetako PIR jaialdi ospetsuan. Era berean, Argentina, Kolonbia eta Asturiaseko zinema jaialdietan hautatua izan da.
Euskal Herriko txoko guztietara iristeko asmoz, kalejira, kontzertu eta dokumental emanaldi formatuan ere aurkeztuko da.
Dokumentala Europako Next Generation funtsekin finantzatu da, Zumarragako Udalaren bitartez. Horrez gain, Udalak berak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Nafarroako Rural Kutxak ere lagundu dute.
Estreinaldia hilaren 19an izango den arren, zumarragarrek dokumentalaren zati batzuk ikusteko aukera izan dute dagoeneko. Santa Isabel jaietan izan zen.
Hauspoa&Tunela egitasmoaren aurkezpena Santa Isabel jaietako ekitaldi berezienetako bat izan zen. Iñaki Pinedo zuzendariak eta Gorka Hermosa akordeoilariak Udalaren laguntzarekin egin duten dokumentalaren aurkezpenean ehunka herritarrek eta oso gonbidatu bereziek parte hartu zuten. Zumarragako Trikitixak, musika eskolako trikitilariek, Garikoitz Mendizabal eta Endika Altzelai txistulariek, Zumarragako musika bandak, Irrintzi dantza taldeak, ikastolako abesbatzak, Enrike Zelaia akordeoilariak, Toti Martinez de Lezeak eta Jon Maiak, besteak beste. Baita dokumentalean parte hartzen duen Kepa Junkerak ere. Junkerak bertan bildutakoen omenaldia jaso zuen. Udalak Antioko irudi bat oparitu zion eta musika eskolako trikitilariek bere pieza bat jo zuten.