Urretxu eta Zumarragako udalek 2026ko ikuskizun eszenikoen programazioa aurkeztu dute. Aurten helduentzako eta haurrentzako ikuskizun bana gehiago antolatu dute, Antzoki Sareak zirku eta dantza ikuskizunak ere antolatzea eskatu duela eta. Hala, orain arte ez bezala, lehen saioa urtarrilean izango da eta abonuen salmenta inoiz baino lehenago hasiko da, abenduaren 15ean.
Helduentzako programazioari dagokionez, hamar ikuskizun programatu dituzte. Urtarrilaren 16an Osa+Mujika taldeak Lana antzeztuko du. Arrakastari eta lanari buruzko hausnarketa da. "Hain arrakastatsua bazara, zergatik jarraitzen duzu astean 40 ordutik gora lanean?", galdetzen dute. Otsailaren 6an Perigallo taldeak Por voluntad propia lana antzeztuko du. Komedia honek norberaren esentzia bilatzera eta gure burua besteengan ikustera gonbidatzen du ikuslea.
Martxoaren 6an Hika taldeak Zorretan antzeztuko du, zaintzari eta maitasunari buruzko tragikomedia absurdoa eta poetikoa. Apirilaren 10ean Joseba Apaolaza urretxuarrak eta Asier Hormazak Trajea antzeztuko dute. Bata negozio gizon bat da eta bestea segurtasun zaintzailea. Merkealdiko lehen egunean istripu bat gertatu da eta bezeroak segurtasun zaintzailearen galderei erantzun beharko die.
Maiatzaren 8an Tanttaka taldeak Sabes que las flores de plastico nunca han vivido, ¿verdad? lana antzeztuko du. Protagonistak depresioa duen emakume bat, desgaitasun intelektuala duen gazte bat eta garun paralisia duen gizon bat dira. Ekainaren 5ean Jon Ander Urrestik Kolapsoa antzeztuko du. Turbokapitalismoaren aurkako lana da eta zer behar duen galdetzera gonbidatzen du ikuslea.
Irailaren 4an Circo Flamenco taldeak zirku, flamenko eta umore ikuskizuna eskainiko du. Urriaren 2an Mikel Azpirozek Pake Pieza diskoa aurkeztuko du. Azaroaren 6an Sutottos taldeak Feliz dia antzeztuko du. Zoriontsu izan beharraren ondorioez hausnartuko dute. Bukatzeko, abenduaren 4an Tartean taldeak Kandida lana antzeztuko du. Idazle batek etxegabetze bati buruz idatzi du eta etxegabetze hori pairatu zuenak, liburuko protagonistak egin duen bezala, bere etxean hartzeko eskatuko dio.
Saio guztiak 20.15ean izango dira, Zumarragako Zelai Arizti aretoan. Sarreraren prezioa 10 eurokoa izango da. Gazte Txartela aurkezten dutenek 7 euro ordainduko dute eta 30 urte azpikoek 5 euro bakarrik ordainduko dute 19.45etik aurrera. Sarrerak leihatilan, online eta makinan egongo dira eskuragarri.
Urteroko moduan, abonuak ere salduko dituzte. Ikuskizun guztiak ikusteko balio duen abonuak 75 euro balio du eta euskarazko ikuskizunetarako bakarrik balio duenak 40 euro. Zelai Arizti kultur etxean salduko dituzte. Abenduaren 15ean, 10.00etatik 13.30era eta 15.00etatik 18.30era, 2025ko abonua mantendu nahi dutenen txanda izango da. 2025ekoa aurkeztea nahitaezkoa izango da.
Abenduaren 17an, ordu berean, 2025eko abonua izanda, aldatu nahi dutenen txanda izango da. Horiek ere aurtengoa aurkeztu beharko dute. Bukatzeko, abenduaren 20an, 10.30etik 13.00etara, abonua lehen aldiz erosi nahi dutenen txanda izango da.
Haurrentzako programazioari dagokionez, zortzi ikuskizun antolatu dituzte. Urtarrilaren 26an Gorakada taldeak Moko antzeztuko du, otsailaren 22an Glu-Gluk Erbia eta dordoka, martxoaren 28an Porrotx, Marimotots, Pupu eta Lorek Zerua lapurtu dute!, apirilaren 26an Baal-ek Espazioko bidaiariak, urriaren 4an Galitoon-ek The show moscon, azaroaren 1ean Markeliñek Hodei guztien gainetik, azaroaren 29an La enara naranjak Zimurren artean eta abenduaren 20an Teatrapok La premiere.
Emanaldi guztiak Urretxuko Labeaga aretoan izango dira 17.00etan, Porrotx, Marimotots, Pupu eta Lorerena ezik. Horiek bi emanaldi eskainiko dituzte: 16.00etan eta 18.00etan. Sarrerek 5 euro balio dute. Egunean bertan salduko dira, leihatilan, 16.00etatik 17.00etara. Pailazoen ikuskizunerako sarreren salmenta orduaz garaiz informatuko da.
Abonuei dagokienez, haurrenak 22,50 euro balio du eta haurrari heldu batekin joateko aukera ematen dionak 35 euro. Abonuak urtarrilaren 14tik 23ra salduko dira, 16.30etik 19.30era, Urretxuko kultur etxean.