Maïa Permaculture kooperatibak eta Labore Txingudi eta Hendaiakoop elikadurakontsumo taldeek, Gazteak On: Elikadura Erronka” lehiaketaren bigarren edizioa antolatu dute, elikadura jasangarri, tokiko eta komunitarioari buruzko gazteen proiektuak ikus-entzunezkoen bidez gizarteratzea helburu duena. Ekimenak aurten parte-hartze eremua zabalduko du, Bidasoa-Txingudiko hiru herrietatik harago. Izan ere, barne hartuko ditu Irun, Hondarribia, Hendaia, Urruña, Biriatu, Ziburu eta Donibane Lohizuneko ikastetxeak.

Lehiaketa 2022an abiatu zen, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Pirinio Atlantikoetako 'IDEIAK' programaren babesean. Oihana Galardi Ogallar proiektuaren koordinatzaileak azaldu duenez, hezkuntza komunitatearekin elkarlanean jardun dute harrezkero, elikaduraren inguruko pedagogia eta saretzea sustatuz. Aurten, gainera, ikastetxeei bideogintza tailerrak eta baliabide tekniko gehiago eskainiko dizkiete, proposamenen prestaketa eta ekoizpena errazteko.

Proiektu eraldatzaileak

Lehiaketa Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako edo ikastolako adinean dauden gazteei zuzenduta dago. Parte-hartzaileek bideo laburren bidez hiru ardatz nagusi jorratuko dituzte: tokiko eta jasangarrian oinarritutako elikadura, ikastetxeetan garatu daitezkeen proiektu eraldatzaileak eta talde-lanaren zein ikus-entzunezko komunikazioaren gaitasunak. 

Sariei dagokienez, bi banatuko dira. Alde batetik, Epaimahaiaren Saria, 600 eurokoa, eta, bestetik, Herritarren Saria, 400 eurokoa. Irabazleek jasotako dirua ikastetxeekin adostuta erabiliko da, elikadura burujabetza hobetzeko ekintzak finantzatzeko.

Gaurko aurkezpenean pasa den urteko irabazleak izan dira, eta DBHko 4. mailako Elaia Arbelaizek azaldu du irabazitako diruarekin bere ikastetxean galdetegiak zabaldu zituztela, hamaiketako ohituren bilakaera eta plastikoaren erabilera aztertzeko; ondoren, bideo bidez aurkeztu zuten hausnarketa, eta irabazi zuten. Ondorioz, ikastetxeak 'Fruta eguna' jarri du martxan, herritarren ohitura osasuntsuak sustatzeko. 

Bestalde, DBHko 2. mailako Osertz Ubegunek adierazi duenez, bere ikastetxeak sariaren dirua negutegi batean inbertitzeko eta hazi zein ongarrien erosketarako erabiliko du, baratzea ikasleen ikaskuntza-prozesuaren parte bihurtzeko. Honekin lotuta, Toki-Alaiko irakaslea den Amaia Garciak nabarmendu du bertako produktuen hazkuntza eta kontsumoa ezagutaraztea dela ikasleentzat onuragarriena elikadura jasangarriari dagokionez; horregatik, neguko lanak errazteko, negutegi batean inbertituko dute diru gehiena, eta otsailetik aurera barazki ezberdinak landatuko dira, gero parte hartzen duten ikasleen artean zozketatuko direnak.

Lehiaketak bost fase izango ditu

Antolatzaileek gogorarazi dute lehiaketak bost fase izango dituela, eta maiatzean abiatuko den herritarren bozkaketa funtsezkoa izango dela gazteen lanak zabaltzeko. Bozka prozesua ez dela emaitzaren gaineko ekintza hutsa azpimarratu dute, baizik eta “gazteen ideiak eskualdeko komunitatearen aurrean jartzeko aukera”.