Arrasaten ibilaldi osasungarriek ez dituzte bakarrik gorputzak mugiarazten; harreman berriak sortzen dituzte, historia eta natura ezagutzeko leihoak zabaltzen dituzte, eta parte-hartzaileen eguneroko bizitza aberasten dute. Sasoibide ekimenak frogatu du kirola eta harreman sozialak ezin direla bereizi: oinez ibiltzea, hitz egitea eta une partekatuak bizitzea bat datoz hemen, modu naturalean eta gozamenez.
Lorea Iregik eta Margari Gorrotxategik proiektu baten haziak landu zituztenean hasi zen dena, Arrasateko Udalak jubilatuentzako antolatutako ikastaro batean, Bizipoz kooperatibak dinamizatuta. Haien asmoa 55 urtetik gorakoei zuzendutako ibilaldi osasungarriak prestatzea izan zen, ez bakarrik jarduera fisikoa sustatzeko, baita parte-hartzaileen arteko topaketak bultzatzeko eta lagunen sarea irekitzeko gune bat sortzeko ere. “Gizarte harremanak sustatzea da gure helburuetako bat; jendea ezagutzeko eta harremanak sakontzeko aukera ematea”, dio Iregik, proiektuaren funtsa oinez ibiltzea baino askoz zabalagoa dela azpimarratuz.
2018an, egitasmoak Aquarius beketako bat jaso zuen, 60 urtetik gorako pertsonentzako ideia berritzaileei laguntza ematera bideratuta daudenak. Horrela sortu zen ofizialki Sasoibide, “harreman sare sendo bat eraikitzeko eta komunitate hutsune bat betetzeko asmoarekin”, gaineratu du Iregik.
Astean bi hitzordu
Ibilaldiak mimo handiz diseinatzen dira parte-hartzaileen beharrak kontuan hartuta. Hasieran, irteera lauak eta zailtasun handirik gabekoak egitea pentsatu zuten, baina profesionalekin kontsultatu ondoren, muskuluak lantzearen garrantziaz ohartu ziren, eta malda igoerekin eta jaitsierekin diseinatzen hasi ziren. Hala, asteazkenetan, 15.00etan hasita, txangoek intentsitate handiagoa dute; ostegunetan, ordea, arinagoak dira (10.00etatik 12.00etara). Jarduera fisikoaz gain, ibilaldi hauek Arrasate eta inguruko paisaia eta ondare historikoa ezagutzeko aukera ematen dute, kirola, kultura eta gozamena uztartuz.
Erantzun oso ona
Sasoibidek jaso duen erantzuna nabarmena izan da. “Parte-hartzea oso ona izan da hasieratik. Iaz, adibidez, 1.200 pertsona mugitu genituen. Asteazkeneko paseoetan, batez beste, 16-18 pertsonak parte hartzen dute, eta ostegunetan, 20-25 inguruk”, kontatu du Iregik. Ohiko ibilaldiez gain, jarduera bereziak antolatzen dituzte: martxoaren 8ko Lilabide Emakumeen Martxa, edo leku esanguratsuetara irteerak.
Jarduera fisikoa alde batera utzi gabe, ekimenaren filosofia gizarte harremanetan eta osasun emozionalean oinarritzen da. “Harreman sozialek osasun komunitarioan duten eragina oinarrizkoa da. Nahi gabeko bakardadeak desoreka emozionala sortzen du, eta helburuetako bat egoera horiek saihestea da. Fisikoki ondo egotea, baina baita emozionalki ere”, adierazi du Gorrotxategik “Irribarreari eta ilusioari eustea ezinbestekoa da, kuriositatea izatea eta gauza berriak egiteko, ikasteko eta jendea ezagutzeko gogoa izatea. Hori guztia ez da lortzen sofa batean, telebistaren aurrean, geratuta. Irten eta harremanak izan behar dira”, nabarmendu dute.
Sasoibidek zubiak eraiki ditu beste eragile batzuekin, hala nola, Arrasateko Pertsona Nagusien Kontseiluarekin, Begisarekin, Garagunerekin, erretiratuen elkarteekin, eta udaleko Gizarte Zerbitzuekin. Gainera, belaunaldien arteko ekintzak sustatzen ditu Arizmendi ikastolako ikasleekin, adibidez, Erizaintzako eta Sukaldaritzako zikloetan. Gazteek helduekin garatzeko proiektuak prestatzen dituzte. “Hezkuntzarako balio dien zerbait da, eta gure-tzat ere oso aberasgarria da. Primeran pasatzen dugu”, baieztatu du Iregik.
Datorren asteetarako txangoak
Hurrengo ibilaldietan natura, historia eta jarduera fisikoa izango dira ardatz nagusiak. Azaroaren 19rako, Bergara-Antzuola-Ugarrixa irteera proposatzen da, eta hilaren 20an, ostegunean, Asuela-Andra Mari Zuri-Zubillaga zehartatuko dute. Azaroaren 26an, Arrasate-Oro-Aretxabaleta itzulia egingo dute, eta 27an Ataunera joango dira. 55 urtetik gorako pertsona guztiak elkarrekin ibiltzera gonbidatuta daude. “Ateak irekita daude eta guztiak ongi etorriak dira”, esan dute Gorrotxategik eta Iregik. Informazio guztia https://blogak.goiena.eus/sasoibide/ blogean eskuragarri dago.
Antolakuntzak kide gehiago erakartzea ere jarri du erronka gisa. “Taldean jende berria sartu da, adineko pertsona gazteagoak, ideia berrituak dituztenenak, eta hori oso ona da guztiontzat. Hori da Sasoibidek etorkizunean jarraitu behar duen bidea”, azaldu du Gorrotxategik. Zentzu honetan, 55 urte bete dituzten herritarrei taldean parte hartzeko gonbita egiten diete. “Hurbil daitezela eta ezagut dezatela zer egiten dugun”, animatu du Iregik.
Sasoibide esparru guztietan
Ekimena zabaltzea eta dibertsifikatzea da bultzatzaileen ametsa. “Gustura ikusiko genuke Sasoibide beste esparru batzuetara iristen ari dela. Dantzara, zinemara, antzerkira… joateko. Sasoibide bat egunero, baita asteburuetan ere. Gizarte indibidualista honetan, espazio hauek beharrezkoak dira”, defendatu du Gorrotxategik. Guztiontzako topagunea; harreman sarea sendotzeko ‘aterkia’.
Ibilaldi, elkarrizketa eta topaketa bakoitzak lagun sarea eta osasun emozionala indar-tzen ditu, kilometroak egiteaz gain, Arrasaten bizitzak, esperientziak eta irribarreak biltzen dituen proiektu bat sendotuz. Beraz, asteazken eta ostegunetan hitzordu bat dago Biteri plazan.