Lurdes Iriondoren bizitzari buruzko dokumentalaren aurrestreinaldia, Urnietan
Proiekzioa urriaren 24an izango da eta gonbidapenak Saroben eskuragarri daude
Lourdes Iriondoren heriotzaren 20.urteurrena betetzen da aurten, 2005eko abenduaren 27an zendu baitzen. Data berezi hori dela eta Urnietan hainbat ekintza antolatu dira Iriondoren izena eta ondarea balorean jartzeko.
Horietako bat, “Lurdes Iriondo, ez gera alferrik pasako” filmaren aurrestreinaldia izango da. Hitzordua urriaren 24ean, 19.00etan izango da Sarobe Arte Eszenikoen Gunean. Inge Mendioroz zuzendariaren filmak Donostiako Zinemaldian parte hartu zuen Zinemira atalean, eta orain, azaroaren 16an beste areto batzuetara jauzi egin aurretik, aurrestreinaldia egingo da Urnietan.
Filma Iriondoren bizitzaren eta euskal kulturan egindako ekarpen guztiaren garrantziaz hitz egiten duen lan bat da.
Filmaren proiekzioaren ostean solasaldi bat egingo da Inge Mendioroz zuzendariarekin eta Idoia Garzes gidoilariarekin.
Gonbidapenak
Filmaren aurrestreinaldia ikustera joan nahi dutenek gonbidapena jaso beharko dute Saroben. Pertsona bakoitzak bi gonbidapen hartu ahal izango ditu gehienez. Leihatilako ordutegia astelehenetik ostiralera 9.00etatik 13.00etara eta 16.00etatik 18.00etara.
Iriondo euskal kantagintza berriaren aitzindarietako bat izan zen. Ez dok Amairumugimendu abangoardistaren sortzaileetako bat eta bere abestiak, bakarka, Xabier Leterekin batera edo beste artista batzuekin elkarlanean, 60 eta 70eko hamarkadetako memoria kolektiboaren erreferente bihurtu ziren.
Iriondo aitzindaria izan zen berdintasunaren ikuspegitik ere, emakume sortzaileak espazio publikoan kokatzeko ausardia eta gaitasuna zituelako, gizarte itxi eta mugatu batean. Era berean, funtsezko ekarpena egin zuen euskarazko haur literaturaren esparruan. Euskaraz ezer gutxi zegoen garaian istorioak sortzeari lotu baitzitzaion, haur eta gazteei gure kultura transmititzeak zuen garrantziaz ohartuta. Izarra izan zen Lurdes bere garaian.