Urolako trenaren Zumarragako geltokia 2026 amaierarako zaharberrituko dute
Aurrekontua 1.760.000 eurokoa da eta Eusko Jaurlaritzak 1.400.000 euro jarriko ditu
Zumarragako osoko bilkuran Urolako trenaren geltokia zaharberritzeko proiektua onartu zuten. Eraikinak 100 urte ditu eta trenak ibiltzeari utzi zionetik itxita dago. 2005ean Udalak erosi zuen eta ordutik zaharberritzeko eta erabilpena emateko ahaleginak egin ditu, baina ez du lortu. Azkenean, ekipamendu sozial bezala erabiliko da, Jaurlaritzaren laguntzari esker. Obraren aurrekontua 1.760.000 eurokoa da eta Jaurlaritzak 1,4 milioiko dirulaguntza emango du. Obra aurki esleituko da. Osoko bilkuran proiektua onartu zen, PSE-EE eta EAJren aldeko botoekin. EH Bilduk abstentzioa eman zuen.
Eraikina 2026 amaierarako prest egongo da. Epaileak bideratutako Familia Elkargunea izango da eta Gizarte Zerbitzuek, auzoetako elkarteek eta ZU Mugituz kirol zerbitzuak ere eraikina erabiliko dute. Alkateak Emakumeen Etxeko ekitaldietarako ere erabili daitekeela esan zuen.
EH Bilduko Aritz Elgarresta eraikina berreskuratzearen alde azaldu zen eta potentzialtasun handia duela esan zuen, baina osoko bilkuran onartu zen proiektuaren inguruko zalantzak azaldu zituen. Parte hartze prozesua ere ezbaian jarri zuen, azkarregi egin delako. “Parte hartze prozesu batek eboluzio bat izan behar du. Galdetegi bat pasatzea ez da parte hartze prozesu bat egitea”.
Erabilpenei dagokionez, Emakumeen Etxeko ekintzak eta Familia Elkargunea bateraezinak izan daitezkeela aipatu zuen. “Bateragarritasuna aztertzeko txosten bat egingo zela esan zen. Egin al da?”. Mikel Serrano alkateak Emakumeen Etxeko ekintzak hor egitea onuragarria izan daitekeela ere esan zela gogoratu zuen. Parte hartze prozesuari buruz ere hitz egin zuen. “Zuek nahi bezalakoak ez badira, ez dute balio. Herri guztiak parte hartzeko aukera izan du, webgunearen bidez”, esan zion Elgarrestari.
Beloki hiribideko 3 zenbakiko igogailuaz ere hitz egin zen. Bizilagunek urte asko daramatzate igogailua egin nahian. Lortu dute, azkenean. Igogailua Elizkale atzealdeako aparkalekutik aterako da (Zumardi elkarteko leihoen paretik) eta atariko pasabidean eta solairu guztietan geldituko da. Solairuetan pasabide bana egingo dute eta pasabideak solairu bakoitzeko bi etxebizitzetara emango du. Udalak lurzoru publikoa okupatzeko baimena eman du eta obra Legazpiko Kuber enpresak egingo du.
Bestalde, alkateak mugikortasun pertsonalerako ibilgailuak arautuko dituen udal ordenantza egingo dutela eman zuen jakitera. “Patineteei zuzendua izango da bereziki. Izan ere, herritarrek behin eta berriz eskatu digute gai hori arautzeko. Adineko pertsonak arriskutan sentitzen dira, patineteen abiadura altua dela eta. Ordenantza egiteko, parte hartze prozesu bat jarriko dugu martxan. Patineteak jasangarriak dira, baina jendea arriskutan jarri dezakete. Mar Iglesias zinegotzi ohiari eskerrak eman nahi dizkiot, berak jarri baitzuen abian egitasmo hau. Helburua elkarbizitza ziurtatzea eta arazoak gutxitzea da. Zirriborroa webgunean jarri dugu”.