Urretxu eta Zumarragako euskaltzaleei euskararen zapia janzteko deia luzatu diete
Bi herrietako euskaltzaleen ikusgarritasuna lortzea da helburua
Urretxu eta Zumarragako Zintzo Mintzo elkarteak Gu euskaraz gara ekimena antolatu du, euskaltzaleen ikusgarritasuna lortzeko. Gu euskaraz gara zapiarekin ateratako argazki bat eta hitz bat bidaltzeko eskatu diete euskaltzaleei eta hitz guztiekin kate bat osatuko dute. Zapiak dagoeneko eskuz esku dabiltza.
Zintzo Mintzok Urretxuko jaietako kantu afarian aurkeztu zuen ekimena. Helburua Urretxu eta Zumarragako euskaltzaleen ikusgarritasuna lortzea da. Gu euskaraz gara zapiarekin argazki bana ateratzeko eskatu diote Urretxu eta Zumarragako euskaltzale orori. Zapiarekin ateratako argazkiarekin batera hitz bat ere eskatu diete. Hitz horiekin guztiekin kate bat osatuko dute abenduaren 3an, Euskararen Egunean. Ordura arte, argazki zein hitzak egunez egun beraien Instagrameko kontura igoko dituzte. Herriko euskaltzale guztien argazkiak eskuratu nahi dituzte. Beraz, eskuz esku pasako diren zapiei adi ibili eta bidali argazkia zintzomintzoeuskaraelkartea@gmail.com helbidera.
Asteleheneko aurkezpenean herritarrak parte hartzera animatu zituzten. “Zintzo Mintzotik plazara irten eta lekua hartzera dei egiten dizuegu. Beldurrak uxatu, lotsak erauzi, gutxiegitasun konplexuak erantzi eta euskararen zapia janztera, gurekin plaza hartzera. Auzia ez baita izan ala ez izan, nola izan baizik. Izatea egitea da eta egiteko aukeratu egin behar da. Egiten duguna gara eta gu euskaraz gara”.
Euskarak behar gaituela gehitu zuten. “Gutariko bakoitzak hizkuntza ugari izan ditzake, baina euskarak gu baizik ez gaitu. Beraz, nola izango garen erabaki beharra dago. Euskara ez dadin izan ez toponimia, ez gastronomia huts, ez buenos dias baten ostean datorren kortesiazko egun on bat eta, batez ere, euskara ez dadin izan altxor bat. Altxorrak kutxan sartu eta lurperatu egiten dira, gero museoetan ikusgai jartzeko. Ez fidatu sekula euskara altxor bat dela dioenaz”.
Epaitegietatik datorren oldarraldia salatu zuten. “Kolpez kolpe, azken 40 urteetan eraikitakoa desegiten dabiltza. Milioi bat gara, baina ez digute euskaraz bizitzen uzten. Ez gara hizkuntza gutxitu bat, herri isildu bat gara. Jada, euskaldun izatearekin ez da aski, euskaltzale aktiboak behar ditugu. Beraz, gorde agendan aurtengo abenduaren 27a, Bilboko Miribilla euskaltzalez beteko dugu Pizkunde berri bati hasiera emateko”.
Hizkuntzarena auzi politikoa dela gogoratu zuten. “Hizkuntzarena ez da fenomeno meteorologiko bat, auzi politikoa da, bizitzako eremu guztiak bustitzen dituena. Pasa den Korrikako amaiera ekitaldian Garazi Arrulak esan bezala: arrainak ura, eta euskarak ekosistema osoa. Basoak, soroak, plazak, lantegiak, pantailak… guztia behar dugu, eta ematen ez digutena guk hartu beharko dugu. Ez gatoz euskara salbatzera. Izatekotan, kontrara. Herri bezala salbatuko bagara, garen hori izango bada, euskaraz izango baita. Salbatzekotan, euskarak salbatuko gaitu. Salbatzekotan, euskaraz salbatuko gara. Horregatik, irten plazara, jantzi zapia eta partekatu Gu euskaraz gara mezuarekin bat egiten duen beste norbaitekin. Euskaldun izatearekin ez da aski, euskaltzale izan gaitezen”.
Más en Bertan
-
Zarautz, primer municipio de la CAV en prohibir fumar en la playa: multas de hasta 500 euros
-
Lazkao presenta un decálogo para fomentar el respeto en el deporte infantil y juvenil
-
Adiós a los cohetes en los partidos de fútbol en Aretxabaleta
-
La inauguración de la nueva Casa de Cultura de Zumaia, en imágenes