Debagoieneko laugarren erreka garbitzeko auzolana deitu dute urriaren 18rako. Egun berean, bailarako herri gehienak sartuko dira ibaietara bertako zaborra kentzeko. “Zeharkatzen gaituen hori ezagutzeko aukera sortu nahi dugu aurtengoan ere. Erreka beste begi batzuekin ikusten hasiak gara dagoeneko adin bat dugunok, eta ausart ikusten ditugu gure seme-alabak haurrak ginenean inoiz sartuko ez ginen uretan sartzen… Errekak zabor leku izateari utzi diola ikusi dugu, edo bide horretan goaz, behintzat”, adierazi dute Debagoienean Errekak Bizi Auzolanean taldeko ordezkariek.
Eskualdeko herri guztietan egingo dute erreka garbitzeko auzolana, Antzuolan izan ezik, bertako jaien ondoren egiten baitute. Herri bakoitzak bere antolakuntza du: “Bateratua da denok filosofia berarekin egiten dugulako eta egun berean sartzen garelako errekara, baina herri bakoitzak ekintza desberdinak prestatzen ditu auzolanaren inguruan”, azaldu dute.
Herrigintzatik bultzatuta
Debagoienean Errekak Bizi Auzolanean taldea, eta, horrenbestez, erreka auzolana, herrigintzatik bultzatzen dabiltzala azpimarratu dute antolatzaileek, egiteko modu horretan sinesten baitute eta balioa ematen baitiote. Are gehiago, herrigintzatik sortua izanik, egunak "herria egiteko" ere balio dezakeela uste dute: "Auzolanak, elkarrekin helburu berdin batengatik ondoan modu boluntarioan lan egiteak, batu edo gutxienez elkar ezagutzeko aukera eskaintzen digu. Baliatuko dugu?".
Parte hartu nahi duenak, izena eman dezake dagoeneko, hemen edo karteletan dagoen QR kodea eskaneatuz. Hala ere, herri txikietan —Aramaio, Elgeta eta Leintz Gatzaga— eta Oñatin nahikoa izango da egunean bertan agertuta.