Elgoibarko Ikastolak urte osoko lanaren ondoren azken prestaketak amaitzen ari da urriaren 5ean ospatuko den Kilometroak 2025 jaialdiari begira.

Salto-saltoka” lelopean, euskara eta elkarlana ardatz hartuta, milaka euskaltzale bilduko dira herrian egun horretan.

Aurkezpen ofiziala

Gaur goizean egin da aurkezpen ofiziala Elgoibarko Aita Agirre Kulturgunean, eta saioaren protagonistak izan dira umeak, euskara eta aurtengo ikurra izango den soka.

Aurkezpenean parte hartu dute Olatz Astigarraga (Elgoibarko Ikastolako lehendakaria), Iera Larrañaga (Kilometroak 2025eko koordinatzailea) eta Aitor Elizaran (Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakaria).

Elkarlana

Olatz Astigarragak Kilometroak egitasmoaren helburuak azpimarratu ditu eta Elgoibarko Ikastolaren egunerokotasunean izan duen eragina nabarmendu du.

“Parte-hartze soziala eta lankidetza oinarriak izan dira eta oinarriak dira oraindik gaur egun ere, egunero gure bizitzak hobetzeko. Ikastola gisa, kooperatiba gisa eta herri-ekimen gisa, gure arteko lankidetzan eta parte sozial aktiboan sinesten dugu”.

Sokak presentzia nabarmena izan du Kilometroen aurkezpenean. Aitor

Euskarara salto

Era berean, euskararen erabileraren garrantzia nabarmendu du.

“Kilometroen urtea baliatu nahi dugu euskararen erabilera areagotzeko. Ez euskararen alde gehiago egoteko, ez; euskaraz gehiago eta gehiagok egiteko. Nahi dugu denontzat ere errazagoa izan dadin euskarara salto hori egitea, aurtengo edizioaren lemak, 'Salto-saltoka’, adierazten duen bezala”.

Ekitaldi ugari

Kilometroak 2025eko koordinatzaile den Iera Larrañagak jai egunerako prestatu den egitaraua aurkeztu du.

Haren esanetan, festa goizeko 09.00etan hasiko da Ikastolako txarangaren dianarekin, eta 10.00etan egingo da irekiera ekitaldi ofiziala.

Guneak eta musikaren protagonismoa

Musikak protagonismo handia izango du eta egun osoan zehar kontzertuak izango dira Elgoibarko gune ezberdinetan (Ene Kantak, Asgarth, Go!azen, Xaribari, Kittu!, Kitziki, Txoteko Ezpata, Heitxi, Ehun Kilo, Janus Lester,…) eta baita ere antolatu diren beste ekitaldi askok.

Herrian zehar txosna-gune ezberdinak egongo dira, eta 450 lagunentzako jangela jarriko da Ikastolako frontoian.

Ekitaldiaren hasieran, haur batzuk soka tiraka, jendea euskarara erakartzeko sinbolo gisa. Aitor

Boluntarioen lana

Egunean zehar ehunka boluntario ariko dira lanean urriak 5ean eta aurreko egunetan.

“1.100 baino boluntario izango dira lanean guztia prestatzen. Ostegunetik aurrera somatuko da herrian Kilometroak datorrela, hasierako montaketa lanekin. Guzti hori urtean zehar elkarlanean egin dugun lanaren erakusgarria baino ez da”, azaldu du Iera Larrañagak.

Aparkalekuak eta garraio publikoak

Autoz datozenentzat sei aparkaleku egongo dira: Lerun, Mercadona, Guass (gonbidatuentzat), Sigma-Olaso (aniztasun funtzionala dutenentzat), Mintxeta (autokarabanak) eta Albitzuri.

Garraio publikoaren erabilera bultzatuko da. Lurraldebusek zerbitzu bereziak ezarriko ditu: Eskoriatzatik bi autobus gehiago irtengo dira Kilometroen egunean (09.15ean eta 09.45ean), eta Donostiatik, hiru (13.00etan, 17.30ean eta 18.30ean).

Tren zerbitzuak ere indartuko dira Bilbotik eta Donostiatik, baina Toletxegain geltokia itxita egongo da; soilik Elgoibarko tren geltoki nagusia erabiliko da.

Ikastolaren komunitatea

Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakaria den Aitor Elizaranek azpimarratu du edizio honek komunitate dinamikoagoa sortzea lortu duela Elgoibarren.

“Ez gara heldu jai egunera baina emaitzak ematen hasi da. Elgoibarko Ikastolaren komunitatea dinamikoagoa da, parte-hartzaileagoa. Elkarlana eta auzolana oinarritutako jai da gurea, eta Elgoibarko Ikastolak presente izan ditu bi ezaugarri horiek urtean zehar. Horrela izango da jaia ere: elkarlanean eta auzolanean oinarritutakoa”.

Omenaldialk eta eskertzak

Jaialdia omenaldi berezien agertoki ere izango da. Maritxu Loiola, Aubixako baserri eta aterpetxeko arduradun historikoa, omendua izango da euskararen alde egindako lan nekaezinagatik.

“Emakume hau erreferentea da ehunka elgoibartarrentzat eta Aubixatik igaro diren askorentzat, beti erakutsi duen euskaltasun eta gertutasunagatik”, esan du Astigarragak.

Era berean, Aspanogi elkartearen 30. urteurrena ospatuko da beste omenaldi batekin, haurren minbiziaren aurkako borrokan egindako lanagatik, eta DYA eta Gurutze Gorriko kideei ere aitortza egingo zaie Kilometroak edizioetan urte luzez eskaini duten laguntzagatik.