"Adrenalina eta askatasuna olatuaren gainean batzen dira"
Olatz Garmendia txikitan hasi zen kayak surfean eta harrezkero, kirolarekiko grina eta lotura berezia garatu du, egunero itsasoarekin konektatuz eta olatu bakoitzaz gozatuz
Olatz Garmendia itsasoarekin lotura estua duen emakumea da. 26 urteko donostiar hau duela egun batzuk itzuli da Irlandatik urrea eta zilarra eskuratuz HP eta IC modalitateetan, Easkyn ospatu den Europako txapelketan. Domina hauek bere ibilbidean zehar lortu dituen beste lorpen batzuei gehitzen zaizkie. Hamabi urterekin hasi zen kayak surfean, eta ordutik ez dio praktikatzeari utzi. Gaur egun, Donostiako Erreal Klub Nautikoko eta Euskal Selekzioko kidea da. Elkarrizketa honetan, euskal palistak uretan izandako bizipenak azaltzen ditu, baita kirol honek dakartzan zailtasunak eta pozak ere.
Nola hasi zinen kayak surfean?
11-12 urterekin hasi nintzen kayak surfean. Nire amak piragua bat zuen, eta udako ikastaro batean apuntatu ninduen. Bertako monitoreak animatu ninduen kayak surfa probatzera, asko gustatu zitzaidan eta ordundik gaur arte kirol honetan dihardut.
"Askotan uretan egotearekin bakarrik nahikoa da gozatzeko eta indarberritzeko" "
Nola deskribatuko zenuke olatu bat kayak batekin ‘surfean’ egitearen sentzasioa?
Zaila da hitzez azaltzea, baina zoragarria da. Gustatuko litzaidake edonork sentsazio hori bizitzea noizbait. Abiadura, naturarekin kontaktua, momentuan erabaki egokiak hartzea… Azken batean olatuarekin konexioa dago, olatua bera delako nola surfeatu agintzen duena. Guzti horrek adrenalina pizten du, eta, aldi berean, askatasun handi baten sentsazioa. Askotan uretan egotearekin bakarrik nahikoa da gozatzeko eta indarberritzeko.
Une bereziki zail edo arriskutsuren bat izan duzu kirol honetan?
Bai, hamalau urterekin Galizian momentu gogor bat bizi izan nuen. Itsaso zakarra zegoen eta seriea remontatzean atzera egin, pala hautsi eta golpeak piraguatik atera ninduen. Hondartzara iritsi arte ez nuen batere ondo pasa, baina nire orduko entrenatzaileak lagundu ninduen eta susto batean geratu zen dena. Halako egoerek beti ematen dute zer ikasi…
Zer izan da olatu baten gainean bizi izan duzun gauzarik politena?
Ez dut momentu bakar bat esaterik. Niretzat olatu baten gainean noanean gauzarik politena, zehazki, egin nahi dudana ondo ateratzearen sentsazioa da, eta, bitartean, lagunei edo taldeko kideei oihuka entzutea erermontatzen ari naizenean.
Zein da zure eguneroko entrenamendu errutina?
Astean lau entrenamendu egiten ditugu uretan, Zurriola hondartzan gehienetan. Entrenatzaileetako bat hondartzan egoten da grabatzen eta entrenamendu amaieran bideo saioa egiten dugu, teknika, olatu aukeraketa, kokapena… eta bestelakoak zuzentzeko. Olatuak hartzeko baldintza egokiak ez direnean, arraun egiten dugu fisikoa lantzeko. Gainontzean, lehorreko entrenamendua batik bat lesioen prebentziorako.
"Hemendik bi urte barru ospatuko den Munduko txapelketa prestatzea da nire helburu nagusia"
Besteak beste, short kayak-eko Munduko txapelduna zara, eta baita long kayak-eko txapeldunordea, 2024an (Euskadiko taldekako selekzioarekin ere). Zer suposatzen dute titulu hauek?
Pertsonalki emaitza indibidualengatik harrotasuna, izugarrizko ilusioa eta baita lasaitasuna ere. Eta, aldi berean, ohore hutsa euskal selekzio gisa parte hartzea. Kontziente naiz beste kirol-diziplina askotako kirolariek ez dutela Euskal Herriaren izenean lehiatzeko aukera, beraz, zentzu horretan oso eskertuta nago.
Zer olatu mota dira egokienak lehiatzeko? Eta zer eragin dute itsasoaren baldintzek proba batean?
Pertsona bakoitzak bere gogoko olatuak ditu, baina orokorrean, ordenatua egotea, haize gutxi izatea, olatua gutxinaka puskatzea eta ez bat-batean… Azken batean surfeatzeko aukerak ematen dituen olatua izatea. Oraintxe Easkyn ospatu berri den Europako txapelketan, esaterako, oso olatu onak izan ditugu. Itsasoaren baldintzek zuzenean eragiten dute txapelketetan: marea, olatuen tamaina, indarra, periodoa, haizea, korronteak… Baldintza horiek eragiten dute ondoren erabaki batzuk ala beste batzuk hartu behar izateak: uretan non kokatu, zein olatu aukeratu, zein maniobra egin…
Zer tarte dago olatu baten erdian inprobisatzeko? Edo dena oso planifikatuta dago?
Olatuan bertan inprobisazioak pisu handia du. Momentuan bertan erabaki ugari hartzen ditugu, olatuak berak eskatzen duenaren arabera. Olatu bakoitza ezberdina da, eta horregatik, maniobra bat edo beste egitea komeni da. Planifikazioa neurri batean badago, baina gehiago da olatua hartu aurretik egiten den lan bat. Aurrez planifikatua izan daitekeena: uretara sartu aurretik itsasoko baldinzak aztertu zer aukera ematen dituen baloratzeko (olatua, korrontea, abiadura, nola puskatzen den…), uretan non kokatu olatua hartzeko, nondik remontatu… Baina inprobisazioa da oinarria.
"Piraguismo munduan kayak surfa jende askok praktikatzen du nahiz eta gero lehiaketan ez ibili"
Ba al dago nahikoa azpiegitura edo laguntza surf kayak egiteko Euskal Herrian?
Euskal Herrian badaude hainbat klub kayak surfa egiten dutenak. Eskola moduan, kayak surfa duen bakarra Donostiako Erreal Klub Nautikoa da. Bizkaian badago eskola sortzen ari den beste klub bat, baina oraindik lan asko dago egiteko. Kirol honek behar du eskola gehiago egotea, gazte gehiagok kayak surfa praktikatzeko. Laguntzei dagokienez, Eusko Jaurlaritzaren, Euskal Kirol Federazioen Batasunaren eta Euskadiko Kanoe Federakuntzaren laguntza jasotzen dugu, kayak surfa garatzeko eta sustatzeko, Euskadi eta nazioarte mailan, honek, Euskal Selekzio gisa lehiatzeko aukera emanez. Asko eskertzen ditugu laguntza hauek. Hala ere, ez zaigu nahikoa kayak surfaren jarduera guztiak garatzeko.
Piraguismoaren munduan nahikoa ezaguna den kirola dela uste duzu, ala ‘minoritarioa’ da oraindik?
Kayak surfa hazten ari den kirol bat da. Piraguismo munduan kayak surfa jende askok praktikatzen du nahiz eta gero lehiaketan ez ibili.
Zer helburu dituzu datozen urteetarako?
Datorren Munduko txapelketa prestatzea da nire helburu nagusia, hemendik bi urte barru ospatuko dena.