Joan den ikasturtean lortutako arrakastaren ondotik, Debabarreneko udalek berriz ere begirale ikastaroa martxan jartzea erabaki dute.
Bigarren talde bat
Lehen talde bat dagoeneko osatu dute, eta bigarrenerako interesa azaldu dutenak ere badira; horregatik, udalak lanean ari dira bigarren talde hori ere gauzatzeko.
Ikastaroa euskaraz eskainiko da eta ikasleek 18 urte izan beharko dituzte atal teorikoa amaitzen den unean, hau da, 2026ko ekainaren 30ean.
Titulu ofiziala
Formazioa bukatzen dutenek Eusko Jaurlaritzak homologatutako Haur eta Gazteen Aisialdirako Begirale titulu ofiziala jasoko dute.
Atal teorikoa urritik maiatzera bitartean egingo da, 150 orduko iraupenarekin, eta era praktikoan landuko da.
Irteerak eta praktikak
Ikastaroaren barruan, asteburu osoko hiru irteera ere egingo dira La Arboledako aterpetxera, eta ondoren bi tutoretza-saio izango dira.
Horrez gain, ikasleek 160 orduko praktikak bete beharko dituzte, boluntario gisa, aisialdiko ekintzetan.
Saioak larunbatetan
Saioak larunbatetan izango dira, 9.30etik 18.30era, bazkaltzeko ordubete eta laurdeneko atsedenarekin.
Asteburu osoko irteerak, berriz, larunbat goizeko 10.00etan hasi eta igande arratsaldeko 15.00etan bukatuko dira. Saioak Eibarren eta Elgoibarren egingo dira, izen-ematearen arabera.
Prezioa
Parte hartu nahi dutenek webgune honetan eman dezakete izena, irailaren 19a baino lehen. Informazio gehiago nahi duenak 943.708.426 telefono zenbakira deitu dezake.
Ikastaroaren prezioa 300 eurokoa izango da, baina Debabarrenean erroldatuta daudenek matrikularen erdia bakarrik ordainduko dute, hau da, 150 euro.