Usurbilgo Udalak jakitera eman duenez, saunan sutea gertatu zenetik astebetera, irailaren 3an irekiko da, partzialki, Oiardo kiroldegia, ohiko ordutegian, astearte goizean egindako azterketen ostean. Udaleko Hirigintza buruak irekitzearen aldeko txostena egin du, eta Quiron Prevencion enpresak airearen kalitatea neurtu eta ona dela ebatzi du.
Hala, suteak gutxien kaltetutako eremuak irekiko dira: pista, gimnasioa, tatamia, kanpoko zelaia, rokodromoa, squasha eta, oro har, lehorreko ikastaroetarako erabiliko diren aretoak. Beheko solairuko aldagelak erabiltzeko aukera izango da. Gainerako eremuak birgaitzeko lanean jarraituko da, kiroldegia erabat erabilgarri egon dadin ahalik eta azkarren, baina gehien eragindako eremuak birgaitzeak luze joko du.
Ikastaroen izen-ematea
Pixkanaka, egunerokotasuna berreskuratzeko lanean ari dira kiroldegian. Iraila izanik, ikasturte berriko ikastaroetan izena emateko garaia da; saunako suteak, ezinbestean, ondorioak izango ditu uretako ikastaroetan, eremu berean kokatzen baitira igerilekuak.
Oraingoz, uretako ikastaroen izen-ematea etetea erabaki da: orain arte izena eman dutenen zerrenda gorde, eta berriz irekiko da epea, ikastaroak egiteko baldintza egokiak daudenean. Aretoko ikastaroen kasuan, ohiko prozedura jarraituko da, eta irailaren 10era arte egongo da izena emateko aukera.
Igerilekuko eremua birgaitzeak luze joko du. Hori dela eta, Kirol sailak gogoratu du Buruntzaldeko zein Kirol Txartela Mugiment sareko kiroldegiak erabiltzeko aukeraz gain, haietakoren bateko ikastaroetan izena emateko aukera ere badagoela. Lasarte-Oriako kiroldegiaren kasuan, irailaren 10era arte dago irekita izena emateko epea; Andoainen kasuan, izen-ematea itxita badago ere, hutsik gelditutako plazak betetzeko aukera dago oraindik ere.