Oiartzungo xanistebanetan, indarkeria matxistarik ez
Festetan Udalak informazio eta arreta gunea martxan izango du Fermiñene etxean
OiartzungoXanisteban jaiak eta abuztuaren 6a arte luzatuko dira. Guztientzat gozagarriak izan daitezen, Udalak indarkeria matxistaren aurka martxan jarriko dituen zerbitzuak aurkeztu ditu.
Azken urteetan egon den indarkeria matxisten aurrean informazio eta arreta gunea egongo da aurten ere, Doneztebe plazan bertan, Fermiñene etxean (Aialde kalea 2). Ia 24 orduz eskainiko da zerbitzua, prebentzioa landu eta kasurik egongo balitz biktimei behar duten laguntza guztia eskaintzeko.
Konkretuki, asteburuan, ordutegi hau izango du: 12.00etatik 14.30era, 18.00etatik 21.00etara eta 23.00etatik 06.00etara. Astean zehar, abuztuaren 4, 5 eta 6an, arratsalde eta gaueko ordutegia mantenduko da, eta goizekoa zabaldu: 8.00etatik 14.30era. Zerbitzua konfidentziala izango da eta indarkeria matxistetan eta feminismoan adituak diren emakumezko profesionalek emango dute arreta.
Informazioari dagokionez bi zerbitzu emango dituzte. Batetik, informazio orokorra feminismoari buruz, LGTBIQ+ eskubideen inguruan, sexualitateaz, autodefentsa feministaz… Bestetik herritar guztiei informazioa eskainiko zaie, horretarako eskuorri eta baliabide ezberdinak izango dituzte banatzeko. Edozein zalantza dutenei argibideak eman, erasotuak entzun, babestu eta dituzten beharren arabera gomendioak eta orientazioa eskainiko dituzte. Guztiz konfidentziala izango da arreta eta uneoro errespetatuko da erasotuaren borondatea.
Xorrola, gauero
Bestalde, azken egunetan argitaratu den bezala, aurten ere festetan gauez etxerako buelta egiteko Xorrola autobus zerbitzua eskainiko dute. Gainera, eguneko Xorrolak ere ordutegi zabalagoa izango du: Arraguako ordutegiaren arabera, 07.10ean egingo du lehen itzulia eta 22.40an azkena.
Festengatik herriguneko zenbait kaletan trafikoa moztuta egongo denez, geltokietan ere aldaketak egongo dira. Xanistebanetan ohikoak diren moldaketak egingo dituzte: Manuel Lekuona etorbideko (anbulatorioa) eta Yon Oñatibiako geltokiak, Rafael Pikabea eta Landetxera (aparkaleku sarrera parera) pasako dira.
Taxibus zerbitzua zabalduko da eta egunero egongo da, ohiko ordutegian eta asteburuko zerbitzuak astean zehar izaten duen ordutegia izango du.
Komun gehiago
Bestalde, Udaletik aditzera eman dutenez, festa espazio eroso eta garbia eskaini eta kaleak txukun mantentzeko sei metroko modulu sanitarioa jarri zen txosnagunean iaz. Aurten mantendu egingo dituzte komun horiek eta herriko plazan lau metroko beste bat jarriko dute, Fermiñene ondoan.
Argiztatuak egongo dira eta bi langilek gainbegiratuko dute garbiketa eta erabilera egokia, higienea, segurtasuna eta erosotasuna bermatzeko.
Txosnagunekoa arratsaldetik goizaldera egongo da irekita eta plazakoa eguerditik gaueko kontzertua bukatu bitarte.
Azkenik gogorazi dutenez, hondakinen bilketa ordutegian ere aldaketak izango dira Elizaldeko zenbait kaletan. Ostegunera arte, bilketa goizean izango da, 9.00etatik aurrera eta beraz hondakinak 8.00etatik 9.00etara bitarte utzi beharko dira zintzilikatzekoetan.