Eibarko Kezka dantza taldea Bartzelonan izan da uztailaren amaieran, L’Espardenyu FolkFest jaialdian euskal dantzak erakusteko helburuarekin.

Jaialdia Renaixença Esbart taldeak antolatu du Poble-Sec auzoan, eta hainbat herrialdetako taldeak elkartu ditu: Ukraina, Peru, Ibiza eta Kataluniako dantzari eta musikariak, besteak beste. 

Arrakasta

Giro paregabean, Eibarko taldeak arrakasta handia lortu zuen bere emanaldiarekin, euskal dantza tradizionalak Bartzelonako ikusleengana hurbilduz.

Kezkak jaialdiko eszenatoki nagusian eskaini zuen bere saio nagusia, Arrateko trokeo-dantzak eta San Juan eguneko soka-dantzaren hainbat atal aurkeztuz.

Omenaldia eta tailerra

Horrez gain, une berezia izan zen aurreskuaren interpretazioan, jaialdiaren antolatzaileak omendu zituztenean: Renaixença taldeko bi arduradun, ekimenaren eta dantza herrikoien alde egindako lanagatik.

Taldeak, bere emanaldi artistikoaz gain, euskal dantzen tailer irekia antolatu zuen, Bartzelonako herritarrei eta jaialdira gerturatutako bisitariei zuzendua. Tailer horretan, euskal dantza errazak ikasteko eta praktikan jartzeko aukera izan zuten parte-hartzaileek, Kezkako dantzarien eta musikarien gidaritzapean.

Eibartarrek arrakasta handia izan zuten Bartzelonako jaialdian. Aitor

Partaideak

Guztira, 18 lagunek (15 dantzari eta hiru musikari) osatu zuten Kezka taldea Bartzelonan: Izar Araolaza, Enara Magunazelaia, Julene Usobiaga, Josu Garate, Ainhoa Larrañaga, Oier Araolaza, Irune Saez, Ane Ajuriagerra, Joanes Lazarobaster, Koldo Maiztegi, Maider Altzibar, Olatz Araolaza, Helene Otaduy, Julene Andres, Amaia Basterrika eta Ekain Araolaza.

Musika alorrean, aipamen berezia merezi du Jaume Parra kataluniarrak. Kezkako Roberto Altzerreka eta Danel de Pedro txistulariekin batera aritu zen. Badalonako musikari gaztea. Parra, trikitixan trebatua eta euskal musikaren zaletu sutsua da. Katalunian bizi arren, euskara ere ikasi du, eta bere parte-hartzeak are eta bereziagoa egin zuen jaialdia.

Kulturarekiko konpromisoa

Kezka Dantza Taldea euskal dantza eta kulturarekiko tradizio baten oinordekoa da.

Horren jatorria 1958. urtean dago, Eibarko Klub Deportiboko batzorde artistiko eta kulturalaren sorrerarekin batera.

Aitzindarien bidea jarraituz

Euskal tradizio eta kulturaren aldeko lehen urrats haiek denboran zehar jarraipena izan dute, eta, mende erdi geroago, Kezkak oraindik ere jarraitzen du aitzindari haiek (Juan San Martin, Gregorio Santa Cruz,...) zabaldutako bidea.

Kezkak, berriro erakutsi du bere konpromisoa eta gaitasuna, tradizioa eta gaurkotasuna uztartuz eta dantzaren bidez kultura arteko zubiak eraikiz. 

Kezkako kideek adierazi dutenez “Bartzelonan bizitako esperientzia aberasgarria izan da taldearentzat, eta dantza herrikoien nazioarteko sarean euskal dantzak lekua hartzen jarraitzeko aukera berriak zabaldu ditu”.