Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agenda sailburua Urretxun izan da. Jon Luqui alkatearekin batera, Eusko Jaurlaritzak Lilibason egin dituen alokairuko 24 etxebizitza babestuak bisitatu ditu. Giltzak urrian emango dituztela aurreratu dute.
Eusko Jaurlaritzak, Visesa sozietate publikoaren bidez, alokairu sozialeko 24 etxebizitza egin ditu. 20 etxebizitza Alokabide sozietate publikoak kudeatuko ditu eta beste laurak Urretxuko Udalak. Larrialdi egoeretan erabiliko ditu.
Eraikina DG Arquitectura Habitable enpresak diseinatu du eta Altuna y Uria enpresak eraiki du. Eraikinak logela bateko lau etxebizitza, bi logelako hamahiru (horietan logeletako bat mugikortasun urriko pertsonentzat egokitua dago) eta hiru logelako zazpi ditu. Etxebizitza bakoitzak bere garajea du beheko solairuan (ez lurrazpian) eta baita terraza ere. Etxebizitza txikienak 45 metro koadro ditu eta handienak 85 metro koadro. Guztiek 6,3 metro koadroko terraza dute. Beheko solairuan bizikletak gordetzeko gela bat ere badago.
Bestalde, Lilibasoko eraikina jasangarria eta efizientea da. Hala, A kalifikazio energetikoa lortu du. Izan ere, plaka fotovoltaikoak jarri dituzte (ur beroaren %60a hortik lortuko dute), etxe guztietan termo elektrikoak jarri dituzte mantentze lanak errazteko, aireztapen sistema instalatu dute eta isolamendu akustikoa eta termikoa zaindu dituzte. Horri guztiari esker, maizterrek argindar gutxi kontsumituko dute.
Proiektuaren aurrekontua ia 4 milioi eurokoa da. Espainiako Etxebizitza eta Hiri Agendako ministerioak 1,1 milioi euroko diru-laguntza eman du, Europar Batasuneko Next Generation funtsetatik. Lursailari dagokionez, Urretxuko Udalak Eusko Jaurlaritzari laga dio. Gainera, Eusko Jaurlaritzak oso gutxi ordaindu du Eraikuntza, Instalazio eta Obren Zergagatik, Urretxuko Udalak %95eko hobaria eskaini baitio herrian alokairu publikoko etxebizitzak egitearen truke.
Bisitaren ondoren, Itxasok eta Luquik egitasmoari buruz hitz egin dute. Urretxuko alkatea pozik azaldu da. “Eusko Jaurlaritzak hasieratik lagundu digu. Egitasmo honen helburua Urretxuko eta inguruko gazteen etxebizitza beharrari erantzuna ematea da. Eskerrak eman nahi dizkiet proiektu honetan parte hartu duten guztiei: Nati Nieves zinegotzi ohiari, Pablo Garcia Etxebizitza zuzendariari… Emaitza ikusgarria da”.
Itxasok etxebizitzaren arazoa konpontzeko erakundeen arteko elkarlana oso garrantzitsua dela esan du. “Urretxuk erraztasun guztiak eman dizkigu eta hori funtsezkoa izan da”.