Abuztuaren 1ean sartuko da indarrean Jaizkibel mendiko pistak eta baso-bideak kontserbatzeko eta ibilgailu motordunen erabilera arautzeko udal ordenantza berria. Hondarribiko Udalak azken hilabeteetan egindako lanaren ondorio da araudia, eta Garoa Lekuona Ingurumen zinegotziak azaldu duenez, “momentu honetan GAOn dago publikatuta”, ordenantza indarrean sartzeko azken urrats gisa.
Prozesua martxoko osoko bilkuran onarpenarekin hasi zen, alegazioetarako epea zabalduz, eta ekainekoan behin betiko onartu zen. Tartean, eragile ezberdinekin bilerak egin dira araudia ahalik eta egokiena izan dadin.
Udaletik adirazi dutenez, Gipuzkoako Foru Aldundia dagoeneko hasi da neurriak ezartzen eta pasabidea mugatua duten pistetan seinaleak jarri ditu, "batez ere azken udaran izandako gehiegikeriak saihesteko asmoz". Hala, aurrerantzean automobilen, furgoneten eta autokarabanen sarrera mugatuta egongo da, Jaizkibeleko ingurumena babesteko helburuarekin.
Salbuesben batzuk
Ordenantzak, hala ere, salbuespen batzuk aurreikusten ditu, eta baimen bidez hainbat ibilgailuri pasabidea ahalbidetuko zaie. Besteak beste, mendi barruko etxebizitza edo lurzoruen jabeek, nekazaritza, abeltzaintza edo basogintzako lanetarako erabiltzen diren ibilgailuek, eta ehiza edo arrantza jardueretarako erabiltzen diren ibilgailuek eskuratu ahal izango dute baimena, betiere erabilera zehatz horiek justifikatzen badituzte. Ehiztariek, gainera, beren ibilgailuekin ehiza-postuetara sartzeko aukera izango dute, postuak eraiki edo mantentzeko.
Lekuonak gaineratu du Udala dagoeneko lanean ari dela baimen horiek eskatzeko inprimakiak eta baimena egiaztatzeko dokumentuak –pegatinak edo bestelako elementuak– prestatzen. Horiek guztiek Udaltzaingoaren bitartez izapidetuko dira, eta prest daudenean jakinaraziko da nola eskatu.
“Hasieratik ordenantza hau ahalik eta azkarren aurrera eramatea izan da gure helburua, batez ere udan ibilgailu motordunek Jaizkibeleko bideetan egiten duten erabilera kontrolatzeko eta mendia babesteko”, nabarmendu du amaieran Lekuonak.