Hondarribiko Udalak Jaizkibeleko pistak eta baso-bideak kontserbatzeko eta ibilgailu motordunak erabiltzearen inguruko ordenantza egingo du. Hura idazteko administrazio-prozesua atzo hasi zen, aldez aurreko kontsulta publikoaren epea ireki zelarik. 

Udaletik gogoratu dutenez, Jaizkibeleko pisten eta baso-bideen sarea ezinbesteko eta funtsezko elementua da mendi honetako natura ondarea kontserbatzeko eta haren aberastasunerako sarbidea izateko. Gainera, "formazio geologiko bikainak, aniztasun handiko paisaiak eta kultura ondare garrantzitsua ditu".

Bestalde, pista eta bideen sarea funtsezko elementua da zerbitzuen azpiegituretarako, larrialdi eta babes zibileko zerbitzuetarako, eta mendian jabetzak dituzten edo bizi diren eta jabetzen eta pertsonen edo bisitarien igarobidearen gaineko eskubideen titularrak diren pertsonak komunikatzeko. “Azken urteetan asko ugaritu da ibilgailu motordun mota guztien erabilera pistetan eta baso-bideetan, eta horrek arriskuan jartzen du pisten eta bideen osotasuna, kontserbazioa eta funtzionaltasuna, eta gutxietsi egiten ditu mendiaren beraren natura-ondarearen balioak”, esan dute.

Bilera bizilagunekin

Errealitate hori ikusita, udalak beharrezkoa ikusi du arau-esparru bat ezartzea pista eta bide horietan ibilgailu motordunen erabilera antolatzeko, bide horien mantentze lana, kontserbazioa eta funtzionaltasuna bermatzeko, pertsona guztiek erabili ahal izatea ziurtatzeko eta bideen ingurunea eta mendiaren natura-ondarea zaintzeko. 

Horretarako, pasa den astean udalak bilera egin zuen Alkartasuna Elkartean inguruan bizi diren baserritar, erabiltzaile, ehiztari edota interesa izan zezaketen herritarren.

Orain, kontsulta publikoa egiteko epea ireki da, herritarrek honako gai hauen inguruan duten iritzia jasotzeko Adle batetik, ekimenarekin konpondu nahi diren arazoei eta ordenantza onartzeko behar eta aukerei buruz. Bestetik, arauaren helburuei eta egon daitezkeen ordezko irtenbide erregulatzaileak eta ez-erregulatzaileei buruz.

Helburu nagusiak

Ordenantzaren helburu nagusia da bide eta pistetan ibilgailu motordunen erabilera antolatzea, horiek pertsona guztiek behar bezala erabil ditzaten arautzeko; mantenimendua, kontserbazioa eta funtzionaltasuna bermatzeko, eta euren inguruneko eta pista eta bide horiek kokatuta dauden mendiko natura-ondarea zaintzeko.

Nola parte hartu

Ordenantza berriaren prozesuak herritarrekiko parte-hartze eta gardentasun prozesu bat dakar, hainbat fasetan zehar egiten dena, behin betikoz onartzen den arte.

Horrela, otsailaren 24ra arte irekita egongo da aurretiazko kontsulta publikoa egiteko epea. Bi modutara parte har daiteke: aurrez aurre BAZn (Javier Ugarte kalea 6) edo erregistro elektronikoaren bidez.