Andoainek legegintzaldiko neurrien %85 bideratu du
Datozen bi urteetan kiroldegiko eta liburutegi berriko proiektuekin jarraituko dute
Andoaingo gobernu taldeak (EH Bildu eta Elkarrekin Podemos) legegintzaldi erdiko balorazioa egin zuen asteazkenean. Azken bi urteetako lana “emankorra eta mamitsua” izan dela uste du udal Gobernuak, besteak beste, “politika egiteko beste modu bat” ekarri duelako.
Gogorazi zutenez, 2023an, agintaldia abiatzearekin batera, 73 neurriz osatutako gobernu programa aurkeztu zuten, hiru multzotan sailkatuta: pertsonak, azpiegiturak eta herrigintza. “Agintaldi erdira iritsita esan dezakegu neurrien %40 beteta dugula, %45 martxan eta bidean dela, eta, %15 garatzeko fasean. Alegia, hartutako konpromisoen %85 bideratu dira agintaldiko bi urte hauetan”, laburbildu zuten.
Proiektu nabarmenenak
Gobernuaren aburuz, martxan jarritako proiektuen artean nabarmentzekoak dira N-I eta A-15 lotuneari irtenbidea emateko abiatutako prozesua, herri osoa asfaltatzeko egindako lanak, herriko hainbat aparkalekutan egin diren handitze eta txukuntze lanak, ikastetxe guztietako kirol-eremuak asteburuetan zabaltzeko akordioa, eskola kirola bateratzeko eta indartzeko eman diren urratsak, AndoainAPP aplikazioaren berrabiaraztea eta eguneratzea, herrian gune estaliak eraikitzeko azterlanaren bideratzea, indarkeria matxista kasuen aurrean erantzuna emateko erreparazioan oinarritutako protokoloa, emakume muralisten herria dotoretzeko egindako lana, Kultura mahaiaren eratzea, Udalaren berrantolaketa...
La N-1 divide Andoain y a los vecinos sobre la mejor solución para reducir su impacto
“Baina bereziki pozten gaitu andoaindarren bizitzak hobetzeko hartu diren neurriak: Zaintza planaren osatzea, lokalak etxebizitza bihurtzeko ordenantzaren eguneratzea (etxebizitza aukerak areagotuz), herriko kale eta udal eraikinen egokitzapena irisgarritasun ikuspegitik, herriko ekitaldietan eta jaietan bereziki, behar bereziak dituzten pertsonentzako errespetuzko guneak bermatzea...”, adierazi zuten.
Gobernu taldeak jakitera eman zuenez, proiektu eta ekintza hauei gobernu programan jaso ez diren hainbat neurri gehitu behar dira: auzo bira, Otieta parkeko mahaiak eta baranda berriak, ur parkeko garbiketa zerbitzuan hobekuntzak, txistua udal musikaren eskaintzan, eserleku eta zaborrontzi gehiago herriko hainbat tokitan...
Hurrengo bi urteak
“Egindako bideak baino gehiago arduratzen gaitu orain egiteke dugunak. Bi urte falta dira oraindik agintaldia amaitzeko, eta azken egunera arte segiko dugu lanean andoaindarren beharrei erantzuten”, ziurtatu zuten.
Zentzu horretan, gobernu programan jasotako neurri guztiak garatzen jarraituko dutela esan zuten. Horien artean aurkitzen dira herrian aparkaleku berriak egokitzeko abiatutako azterlana, ur hoditeriaren saneamendu planaren jarraipena eta herri baratzak izateko urratsak.
Gainera, kotxe elektrikoak kargatzeko guneak jarriko dituzte, Doktor Huiziko komuna hurrengo egunetan zabalduko da eta Leizaur parkekoa urtea amaitu baina lehen ipiniko dute.
“Ildo horretan, ez genuke ahaztu nahi dimentsio handiko zenbait egitasmo ere baditugula martxan, kirol elkarteekin batera lantzen ari garen Allurralde Kiroldegiaren handitze lanak, kultura lokalen inguruko azterlana edota udal liburutegi berria martxan jartzeko aurrelan guztiak”, amaitu zuten.
Temas
Más en Bertan
-
Hondarribiak 2025eko jaietako kontzertuak aurkeztu ditu
-
El barrio Aztiria de Legazpi y Gabiria celebra este fin de semana las fiestas de Santa Marina
-
Errenteria organiza un mercado especial de productos de baserritarras
-
Las piscinas del polideportivo Olaizaga de Elgoibar reabren con normalidad tras superar las pruebas de seguridad