Bazkardorako Lazo proiektuaren aurka errekurtsoa aurkeztu dute
Errespetatu Andoain plataformak osasun publikoa arriskuan jartzen duela salatu du
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Bazkardorako Lazo izeneko proiektuaren lizitazioaren aurkaErrespetatu Andoain herritarren plataformak errekurtsoa aurkeztu du. Azaldu zutenez, proiektu honek osasun publikoa arriskuan jartzen du eta AndoaingoHiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) urraketa dakar, besteak beste.
Hortaz, Gipuzkoako Foru Kontratazio Errekurtsoen Administrazio Auzitegian, Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2025eko ekainaren 17ko proiektuaren idazketa lizitatzearen erabakiaren aurka errekurtsoa aurkeztu duen ordezkaritza bildu zen astearte arratsaldean Andoaingo Goikoplazan. Bertan, Bordaberriko enpresen ordezkaritza, Andoaingo ikastolako ordezkaritza eta andoaindar multzo inportante bat izan ziren. Agerraldiaren suspertzaileek 200 pertsona baino gehiago bildu zirela zenbatu zuten.
Azaldu zutenez, errekurtso honekin bi eskaera egin dituzte. Batetik, esleipena bertan behera uztea eta prozedura atzera botatzea, gardentasuna, inpartzialtasuna eta herritarren parte-hartzea bermatuz. Bestetik N-I eta A-15 arteko “lotura zatiaren konponbide egokiago baten alde egitea, Andoaingo HAPOa errespetatuko duena, Andoaingo garapena bermatuko duena eta kutsadura mailak murriztuko dituena”, “bizilagunen osasuna eta ingurumenaren babesa lehenetsiz”.
Errekurtsoaren arrazoiak
Errespetatu Andoain plataformaren aburuz, Lazo konexio proiektuak indarrean dagoen HAPOa oztopatzen du, Andoaingo garapena, hain zuzen, eta ez du ahalbidetzen A-15 eta N-I artean dauden 3 km-ko tartea lekuz aldatzea.
La solución a Bazkardo más puntuada, la modificación en ‘lazo’ del corredor actual
Datuek diotenez, tarte honek Gipuzkoako trafikorik handiena jasotzen du, egunean 71.000 ibilgailu), eta kutsadura akustiko zein atmosferiko maila onartezinak sortzen ditu Andoaingo bizilagunen osasunaren kalterako.
Plataformak salatu zuenez, Aldundiak jatorrizko 3 km-ko C-II (Elkarbizitza) proiektua zatikatu eta soilik 700 metroko zatia (Bazkardoko Lazo konexioa) lizitatu du.
“Zatiketa horren ondorioz, ingurumen ebaluazio sinplifikatua aplikatzen zaio eta horrek herritarren alegazioak aurkezteko aukera galarazten du”, azaldu zuten. “Proiektua oso-osorik aurkeztuz gero, ingurumen ebaluazio arrunta egin beharko litzateke, herritarren parte-hartzea ahalbidetuz”, gaineratu zuten.
Kontratazio araudia
Azkenik, A-15etik N-Iera konexio zuzena egiteko Lazo proiektua idazteko zerbitzuen kontratua FHECOR Ingenieros Consultores SA eta SESTRA Ingeniería y Arquitectura SL enpresek osatzen duten ABEEk esleipena irabazi izanak, kontratazio araudia ez duela betetzen esan zuten.
Gogorazi zutenez, SESTRA Ingeniería y Arquitectura SL enpresak lizitazioaren zehaztapen teknikoen prestaketan parte hartu zuen, eta berak diseinatu zuen Lazo alternatiba. Hori dela eta, Kontratu Publikoen Legearen arabera, ezin luke parte hartu lehiaketa berean.
“Enpresa honek Andoaingo Udalari eta Foru Aldundiari aurkeztutako dokumentazioak eta irudiak argi eta garbi frogatzen dute Lazo soluzioa beraiek garatu zutela aurretik”, kritikatu zuten.
Bestalde, datozen egunetan Udalak proposatu ziren bi proiektuak herritarren artean ezagutarazteko saioak antolatuko ditu.